Leandro Miner tokan eta Mikel Arroio bolan, onenak Altzan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 14a, 00:00
Leandro Miner bolari ereñotzuarra, Goiz Eguzkin

Toka Txapelketako eta Gipuzkoako Bola Kopako azkeneko tiraldia irabazi zuten. Ibon Minerrek bigarren bukatu du Kopako sailkapen nagusian.

Aurreko asteburuan bukatu zituzten bi txapelketa garrantzitsu, bailarako bolari eta tokalariek, Donostiako Altza auzoan. Eta ederki bukatu zituzten, gainera, bereziki Mikel Arroio hernaniarrak eta Leandro Miner eta Ibon Miner ereñotzuarrek.

Batetik, Toka Txapelketako azkeneko tiraldia izan zuten, eta Leandro Miner izan zen onena, txapa 16 bider jota. Martxeli Kanflanka ereñotzuarrak ere hartu zuen parte, eta 13garren izan zen, zazpi punturekin. Horrela, txapelketa bosgarren postuan bukatu du Minerrek, 66 punturekin; eta 22garren izan da Kanflanka, 29rekin. Bera izan da aurrenekoa, emakumezkoen artean.

Bolari dagokionez, Gipuzkoako Kopako tiraldi erabakigarria zeukaten jokoan Altzan, eta Mikel Arroio nagusitu zen, 43 brilarekin. Ibon Miner, berriz, bosgarren sailkatu zen, 39 brilarekin; eta horri esker, bigarren bukatu du Kopako sailkapen nagusian (170 brila). Txapeldun izateko lehian zegoen ereñotzuarra, beste hirurekin; baina Iosu Lazkano izan da txapeldun azkenean (175 brila). Edonola ere, Minerrek bi postu egin du gora, azkeneko tiraldian. Nabarmen gora egin du Mikel Arroiok ere, eta zortzigarren postuan bukatu du Gipuzkoako Kopa.

Gizonezkoetan, ez zuten hain egun ona izan bailarako gainerakoek, Altzako bolatoki zailean. Miel Arrozpide hernaniarrak 27 brila bota zituen, eta 23garren postuan bukatu du Kopan (139 brila). Leandro Minerrek 18 brila bota zituen, Kopako 24garren postuan bukatzeko (134 brila). Eta 11na brila bota zituzten Aner Miner ereñotzuarrak eta Fermin Zuloaga hernaniarrak, Kopan 29garren eta 30garren bukatzeko, 128 eta 127 brilarekin.

Eta ez zuen egunik onena izan bolan, Martxeli Kanflankak ere. Lau brila jo zituen Altzan, eta Kopako zazpigarren postura jaitsi zen (76 brila).

 

Gipuzkoako Txapelketa gaur, Zerainen

Beste hitzordu garrantzitsu bat izango dute gaur bertan, Zerainen: Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute, bolan zein tokan.

Datorren asteburuan, berriz, beteranoak eta gazteak elkartzeko egin ohi duten topaketa izango da Belauntzan, igandean. Eta hurrena, hitzordu seinalatua izango da bailaran: Ereñotzun jokatuko da Euskadiko Bola Txapelketa, ekainaren 4an.

Hortik aurrera, atseden hartuko dute bola eta toka txapelketek, udaran; eta Taldekako Txapelketarekin izango dira bueltan, urrian eta azaroan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!