Iritsi da bailarako mendi korrikalarien astea: Ereñotzuko lasterketa bihar, eta Goizutrail gaur zortzi

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 14a, 00:00
Korrikalari bat haurrekin helmugara iristen, 2019ko Ereñotzuko Mendi Lasterketan. Argazkia: Aitor Urkia Etxeberria

Bihar goizeko 10:00etan abiatuko da Ereñotzuko Mendi Lasterketa, eta azkeneko dortsalak gaur eta bihar izango dira eskuragarri. Datorren larunbatean, berriz, Goizutrail jokatuko da, bi distantzia eta hiru modalitaterekin.

Bereziak izango dira datozen egunak, Urumea bailarako mendi korrikalarientzat. Izan ere, zazpi eguneko epean jokatuko dira bertako bi lasterketak: Ereñotzuko Mendi Lasterketa bihar, eta Goizutrail gaur zortzi.

Goizeko 10:00etan abiatuko da Ereñotzuko Mendi Lasterketa, bihar. Bi urteko etenalditik bueltan, bere 10garren edizioa izango du probak, aurreko urteetako ibilbidearekin: 12 kilometro, Urdaburuko inguruetan, Aiako Harria Parke Naturalean barrena. Aldaketa bat izango da, dena den, antolatzaileek aditzera eman dutenez: Iturraldeko bidea itxita dagoenez, ez dute erreka gurutzatuko bukaeran, eta Txirritaren monumentura jaitsiko dira, auzorako bidea hartzeko. 400 metro inguru luzeagoa izango da ibilbidea, horrela.

Partehartze zabala izango du lasterketak, beste behin; eta azkeneko dortsalak eskuragarri daude, 14 euroan: gaur eguerdiko 12:00ak arte interneten, rockthesport.com webgunean; eta bihar 08:30etatik 09:30etara Ereñotzun bertan, Auzo Udaleko aretoan.

Helduen lasterketaren aurretik, haurrena ere izango da, auzoan barrena. Eta lasterketa nagusiaren bukaeran, hamaiketakoa eta sari banaketa izango dira, eta opari asko zozketatuko dituzte partehartzaile guztien artean.

 

Goizutrailen, hiru modalitate aukeran

Datorren larunbatean izango dute beste hitzordu seinalatua bailarako mendi korrikalariek, Goizutrailekin. Aurrekoetan bezala, bi distantzia eta hiru modalitate ezberdin izango ditu probak: 25 kilometroko ibilbide luzea; 10,6 kilometroko ibilbide laburra; eta 25 kilometrokoa erreleboka (korrikalari batek 10 kilometro, eta besteak 15).

Goizeko 09:00etan abiatuko dira denak elkarrekin, Eneko Elorri aldera. Handik bueltan, Plazan bukatuko dute lasterketa ibilbide laburrekoek, binaka ari direnek erreleboa emango diote lagunari, eta haiekin batera jarraituko dute aurrera ibilbide luzekoek, Mandoegira bidean.

Guztietarako izenematea zabalik dago, herrikrosa.eus webgunean. Ibilbide luzekoa 20 euro dira, laburrekoa 15 euro, eta bikotekako probakoa 30 euro. Goizuetarrek 5 euroko deskontua izango dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!