Frontoietara bueltatu da Herriartekoaren zirrara

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 14a, 00:00

Martxan da urteko txapelketarik berezienetako bat, taldean eta herrika jokatzen dena, eta herritar ugari frontoira erakartzen dituena. Aurreko asteburuan ekin zioten Hernanik eta Astigarragak, paleta gomako lehiari. Atzo iluntzean jokatu zuen palako bueltakoa Hernanik, Mutrikuren kontra; eta oker haundirik ezean, final laurdenetara sailkatuta izango da. Astigarragak, berriz, gaur goizean jokatuko du Txomiñenen, 10:00etan hasita, Anoetan lortutako abantailari (2-1) eusteko. Eskuzko lehian, bihar hasiko du txapelketa Hernanik, 16:30etatik aurrera Aretxabaletan. Astigarragak, ordea, taldea osatzerik ez du izan, pelotari faltan.

«Txapelketa ona eginez gero, semifinaletara iristeko gai gara»

 

Asier Salaberria astigartarra, aurreko partidu batean. Argazkia: 'uts.eus'

Astigarragako palako taldeak «hobera» egin duela uste du Asier Salaberriak, bereziki «Ganix Urdangarinen gorakadarekin».

Joanekoan Anoetan lortutako emaitzarekin (1-2) «oso pozik», gaur egingo dio aurre Astigarragak, palaz, Herriartekoaren final zortzirenetako bueltakoari, 10:00etan Txomiñenen. «Ziurgabetasun pixka bat» izango dute, kontrarioek «zerbait erreboluzionatu beharra» daukatelako, Asier Salaberriaren ustez: «jokatzeko modua edo jokalariak modalitate ezberdinetan banatzeko modua aldatu beharko dute, markagailuari buelta emateko». Izan ere, partiduak jokatzen hasi arte, ez dute jakingo nor ariko den modalitate bakoitzean: «ezkutuan mantentzen dugu, oso garrantzitsua izan daitekeelako, kanporaketa parekatuta dagoenean».

Edonola ere, «talde polita» osatu du Astigarragak, aurten: «binaka bikote oso indartsua daukagu, Mikel Txoperenarekin eta Beñat Zubiarrainekin; bere maila emanez gero, partidu guztiak irabazi ditzakete. Eta Ganix Urdangarinek sekulako gorakada izan du azkeneko urtean. Sorpresa bat baino gehiago emango dizkie palista onei. Nik urte pila bat daramazkit, eta ezagutzen naute; badakite nola jokatu nire kontra. Baina Ganix berria denez, ez dakite nola jokatzen duen. Bere gorakadarekin, taldeak asko egin du hobera».

Taldean daude Jon Gelbentzu eta Asier Larramendi ere, eta «giro polita» daukate guztien artean: «betidanik ezagutzen dugu elkar».

Oraingoz, helburua izango da «kanporaketaz kanporaketa» aurrera egiten saiatzea: «baina txapelketa ona jokatuz gero, semifinaletara iristeko gai gara. Hala eginez gero, normalena litzateke Azkoitiren kontra jokatu behar izatea, eta haiei irabaztea oso oso zaila ikusten dut».

Herriartekoak Astigarragako pelota munduan «asko» mugitu duela nabarmendu du Asier Salaberriak, baina palakoak askoz ere jarraitzaile gutxiago dituela, eskuzkoak baino: «gero eta jende gehiago ari da jokatzen, baina ez dauka afizio bera. Edonola ere, guretzako oso garrantzitsua da herriaren izenean jokatzea. Ea aurten jende gehiago mugitzen dugun».

 

«Ahalik eta urrutien iritsi nahi dugu, baina pausoz pauso; oso gogotsu gaude aurten»

 

Mikel Manterola, buruz buruko Gipuzkoako Txapelketan.

Aurreko urteotan baino talde indartsuagoa dauka Hernanik aurten, palaz, Mikel Manterolaren ustez. Primeran ekin diote Herriartekoari.

Atzo iluntzean ezer arrarorik gertatu ez bazen, final laurdenetara sailkatuta izango da Hernani dagoeneko, palako Herriartekoan. Joanekoan 3-0 nagusitu ondoren, bueltakoa zeukan atzo, Deban, Mutrikuren kontra. «Lasaitasuna eman digu txapelketa hain ondo hasteak», azaldu du Mikel Manterolak. Joanekoan, buruz buru aritu zen bera: «nire bizitzako partidu onena jokatu nuen, eta oso ondo aritu nintzen, kontrario gogor baten aurrean». Iker Zurutuza eta Jon Beloki aritu ziren binaka, eta zazpi barruan Alai Agirre, modalitate horretan «ohituta» dagoena. Ander Arandiak osatzen du taldea, «aurreko urteotan baino hobea», Manterolaren ustez: «Endika Ramosek edota Aiheko Zubimendik utzi zutenetik, aurten daukagu talderik indartsuena. Beloki etorri da aurten, eta atzelari postua oso ondo kubrituta daukagu berarekin. Eta gainontzeko lauek, ia txapelketa guztietan jokatzen dugu elkarrekin, bikote ezberdinak osatuz. Horrek asko laguntzen digu, modalitate ezberdinetan aldaketak egiteko ere».

Horregatik, «oso gogotsu» ekin diote txapelketari: «ahal den urrutien iritsi nahi dugu, baina pausoz pauso. Azkeneko bi urteotan, hasi bezala geratu gara txapelketatik kanpo. Beraz, helburu haundirik ez dugu jarriko, eta pixkanaka joango gara». Mutriku kanporatuta, Zumarraga izango du kontrario, ziurrenik: «palista bakarra ezagutzen dut, beraren kontra buruz buru aritu nintzelako. Gutxigatik, baina irabazi egin zidan. Gustura hartuko nuke errebantxa!», dio Manterolak. Astigarraga eta Azkoitia ikusten ditu faborito, hiru modalitateetan «indartsu» dabiltzanak; baina horien kontra aritu beharrik ez lukete izango, finalera arte: «finalera iristeko esperantza izango dugu orduan, horixe baita galtzen den azkeneko gauza!».

Hernani ordezkatzea «oso berezia» da Manterolarentzat: «harrotasun puntu bat sortzen dizu­». Eta nabarmendu du, «jende dexente» gerturatzen dela beraien partiduetara: «beste frontoiak baino beteago egoten da Hernanikoa, eta pozik gaude».

 

«Herriartekoa beti izan da txapelketarik politena, talde bezala asko batzen gaitu»

Nagusietan ariko da Markel Lizeaga hernaniarra, atzelari.

Bihar ekingo dio Hernanik eskuzko Herriartekoari, eta ondo ikusten du taldea Markel Lizeagak: «gure maila ematea izango da helburua».

Bihar hasiko du Herriarteko Txapelketa Hernanik, eskuz. Aretxabaletan jokatuko du joanekoa, arratsaldeko 16:30etan hasita. «Duela hiru urte jokatu genuen beraien kontra, eta ondo moldatu ginen. Aurten ere horrela izatea espero dugu, baina urtetik urtera aldatzen dira gauzak, gazteetan bereziki, eta ez ditugu ezagutzen beraien pelotariak», azaldu du Markel Lizeagak.

Etxe barrura begira, «talde polita» dauka Hernanik, nagusietan azkeneko urteetako bi aurrelari fin (Paul Ojuel eta Ioritz Arrieta) taldearekin izango ez diren arren. Xabier Salaberria edo Xabier Apaolaza ariko da aurrelari, Markel Lizeagarekin batera: «Apaolaza ondo ari da jokatzen, baina aurreneko urtekoa da, eta gehiago kosta behar zaio, noski. Esperientzia gehiago dauka Salaberriak. Oso ezaugarri ezberdinak dauzkate, eta kanporaketaren arabera ikusiko dugu». Gazteak ere ondo ikusten ditu Lizeagak: «urtebeteko tartean gorabehera haundiak izaten dira, kategorian aurreneko urtea dutenean kosta egiten zaielako, eta bigarrenean asentatuago egoten dira. Zentzu horretan, ondo gaude aurten. Kadeteetan Xuban Iturbe eta Oier Azpeitia ariko dira. Bata aurreneko urtekoa da, baina indartsu dator; eta bestea ere ondo ari da jokatzen. Bikote polita osatzen dute. Eta jubeniletan, bigarren urtekoak dira Jon Jara eta Unai Etxarri, eta beraiek ekingo diote. Txikitatik batera jokatu izan dute, koadrila berekoak dira, eta oso ondo ezagutzen dute elkar. Eskuetatik nahi bezain ondo ez dabiltzan arren, oso ondo lehiatzen dute normalean».

Txapelketa berezia da Herriartekoa, Lizeagaren ustez: «niretzat beti izan da txapelketarik politena. Esku pelota kirol indibiduala da, baina talde bat ere bagara, aldi berean. Urte osoa ematen dugu bakarka lehiatzen, eta Herriartekoak asko batzen gaitu talde bezala. Guk ikusten ditugu gazteen partiduak, gazteek gureak, elkarrekin joaten gara kanporaketetara, elkarrekin afaltzen dugu gero... Horrek asko ematen dio taldeari».

Helburu jakinik ez dio jarri nahi Hernaniri, aurtengo txapelketan: «hainbeste urte daramazkigu helburuak jartzen... Uste dut gure helburua izan behar dela gure maila ematea. Hala eginez gero, pixka bat egingo dugu aurrera txapelketan, baina badaude gu baino herri indartsuagoak aurten».

Gainera, Herriartekoa Berria Txapelketarekin uztartu beharko dute: «ez dut ulertzen, talde bati hainbeste pelotari eskatzen dizkioten bi txapelketa data berdinetan jokatzea. Baina horrela da, eta aurre egin behar zaio. Nekea ekarriko digu horrek, eta asteburu berean tokatzen bazaizkigu Herriartekoan kanporaketa garrantzitsua eta Berriakoa, larri ibiliko gara».

 

«Ezin izan dugu taldea osatu, eta larri ibiliko gara beste urte pare batez»

Joxe Mari Zubiarrain, Astigarragako pelota saileko arduraduna.

Penaz hartu du Astigarragak, eskuzko Herriartekoan talderik ez osatu izana. «Jubeniletan falta zaizkigu pelotariak», dio Joxe Mari Zubiarrainek.

Ez da eskuzko Herriartekoan izango Astigarraga, aurten, taldea osatzerik izan ez duelako: «pelotariak falta zaizkigu jubeniletan. Kadeteetan bageneuzkan bi, Aimar Zabala eta Xuban Goñi; eta nagusietan, larri, baina osatuko genuen taldea. Baina Ekain Lizeaga nagusietara pasa denez aurten, Eñaut anaia bakarrik geneukan jubeniletan. Saiakera egin dugu taldea osatzeko, baina ezinezkoa izan da. Esango nuke, 2002tik hona behin bakarrik egin duela kale Astigarragak, Herriartekoan», dio Joxe Mari Zubiarrainek.

Duela hiru urte txapeldun izan zen Astigarraga, eta 2020ko txapelketa bertan behera geratu ondoren, semifinaletara iritsi zen joan den urtean: «gogorra izan da taldea ezin osatzea. Pandemiak min haundia egin digu. Garai horretan ezin zen entrenatu, eskola kirolik ez zegoen... Eta orain ari gara nabaritzen eragina. Ez daukagu jende nahikorik. Kadeteetan ere, Aimar eta Xuban bakarrik dauzkagu. Alebinetan eta infantiletan badaude batzuk, baina betiko kontua da, gehienek futbola eta esku pelota uztartzen dituzte, eta aukeratu behar duten garaian...». Esku pelotari gaztetxoak badatozen arren, «urte pare batez larri» ibiliko direla uste du Zubiarrainek, Herriartekoan taldea osatzeko: «infantilak kadete mailara igotzean, eta kadeteak jubeniletara, orduan beharbada izango dugu taldea osatzeko aukera. Baina bitartean kostako zaigu». Edonola ere, dauden pelotariek «maila polita» daukatela nabarmendu du.

Taldea ezin osatuta, pena hartu dute herrian: «jarraitzaile asko dauzka Herriartekoak, jende gehien mugitzen duen txapelketa da. Eta talde lehiakorra izatea eskatzen dizute, gainera. Behin txapela lortuta, berriro maila polita ematea nahi dute. Gaizki ohituta gaude!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!