Bertsoak eta gutiziak batuko dira gaur arratsaldean, Basque Culinary Centerren

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 13a, 00:00

Unai Agirre bertsotan, Aitor Mendiluze atzean duela, 2019ko saioan.

'Bertso Gutiziak' saioa antolatu du Kronikak, Insalusen laguntzarekin. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da, eta azken sarrerak salgai daude.

Bi urteko etenaldiaren ostean, bueltan da Kronikak Insalusen laguntzarekin antolatutako ekimena: Bertso Gutiziak. Basque Culinary Centerren izango da, gaur, arratsaldeko 19:00etan hasita eta, betiko moduan, bertsoak eta gutiziak uztartuko dira egitasmoan. Hasteko, bertso saio ederra izango da eta, ondoren, mokadu goxoez betetako afariaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek.

Bertso saioarekin hasiko da festa eta, BCCko aretoan, maila haundiko lau bertsolari igoko dira oholtza gainera: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Oihana Iguaran eta Unai Agirre. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Ainhoa Urien ariko da.

Ondoren, bertso saioari jarraipen borobila emateko, bertako ikasleen gutiziak izango dira. Punta-puntako plater goxoak dastatu ahal izango dituzte bertaratzen direnek, aurreko edizioetan bezalaxe, zaporeekin eta koloreekin jolastu eta konbinazio berritzaileak eskainiko baitituzte BCCko ikasleek. Beraz, luntx-afari baten inguruan, gutizien eta bertso saioaren bueltan hitz egin ahal izango dute bertaratutakoek.

 

Azken sarrerak, salgai

Sarrera gehienak berehala agortu ziren, baina bertso saioaz eta afariaz gozatu nahi dutenek, salgai dituzte ekimeneko azken txartelak Kronikako bulegoan (Larramendi 11). Txartelak 30 euro balio ditu eta bazkideek zein kronikalariek, berriz, 27 euroan eskuratu ahal izango dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!