Gehiago espero zen, baina ez du eman, eta alde horretatik, etapa etsigarri samarra izan da. Oilarrak ez baitira mugitu. Giroko lehen mendia izan da Etna, lasterketako bosgarren eguna, hanka zuztarrak indarrez beteta denek, eta mendate bakarreko etapa, aurrez desgaste handirik eragin ez duena. Kalkulagailuarekin egin dute faboritoek azken igoera, INEOS-ek aurkariei bihotz taupadak igoarazi baitizkie ere, tropeletik tiraka jarri den tarte apurretan. Inor ez da mugitu, baina, eta lastima da, ze inoiz igo gabeko igoerak bazeukan gaia txikizio handixeagoa egiteko. Handiagoa, Etnak, erasorik gabe ere bere galbahea egin duelako.
Etapa hasi eta berehala Miguel Angel Lopez jaitsi da bizikletatik. Aldakako mina duela jakinarazi du bere taldeak, eta proba utzi du. Hutsune garrantzitsua da, Apenino eta Alpeetan joku handia eman zezakeen igotzailea. Behin Etnako zati gogorrean sartuta, Dumoulin geratu da, eta izan zena berriro izatera ez dela iritsiko erakutsi, beste behin. Eta Nibali bera ere bai, atzean geratutakoen artean. Nibali eta Dumoulin, egiari zor, ez ziren faboritoen sortako kide Giro hasieran. Lopez bai.
Etnan, beti, ihesaldiek izan dute arrakasta, eta gaurkoan ere bai. Garaipena lortzeko hautagai nagusien artean zegoen etapa hasieran Lennard Kamna, eta alemaniarrak aurreikuspenak bete ditu. Ihesaldian sartu, eta errematea eman. Lan handia egin behar izan du, dena den, Juanpe Lopez andaluziarrak estutu egin baitu. Trek taldeko igotzaileak helmugatik 13 bat kiklometrora jo du erasoa, aurretik zihoan Oldani harrapatu eta 45 segundora utzi du ihesaldiko beste laukote indartsuena: Vansevenant, Moniquet, Taaramae eta Kamna bera. Kamnak hotz jokatu du buruz, bere iheskideak atzean utzi eta Perez-en bila joan helmugarako zazpi kilometroren faltan. Kosta zaio Lopez harrapatzea, baina lortu du, bi kilometro eskasera. Itxuraz Lopez-ekin adostasuna lortu du, etapa berarentzat, eta maglia arrosa Lopezentzat, eta garaile izan da Etnan. Lopez-entzat maglia arrosa, egun batzuetarako, 24 urterekin!