Lasartetik erraustegira martxa, larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 10a, 00:00

'Donostiako Erraustegiaz... zer ez digute esaten?' lelopean 11:00etan irtengo dira oinez Okendotik.

Errausketaren Aurkako Mugimendutik –Donostia Bizirik, Eguzki, Greenpeace eta Ekologistak Martxan elkarteek babestuta– dei egiten diete herritarrei larunbatean maiatzaren 14an, goizeko 11:00etan Lasarteko Okendotik abiatu eta Zubietan eraikitako erraustegiraino oinezko martxa batean mobilizatzera, «agintariei esijitzeko geldi dezatela erraustegia, ez dezatela gehiago hondakinik erre, ez Zubietan, ez Añorgan, ez Bergaran eta ez inon».

Aurtengo martxaren deialdian honako galdera jarri dute: Donostiako Erraustegiaz… zer ez digute esaten?. Hori azaldu nahi dute mugimendutik.

 

'Donostiako Erraustegiaz… zer ez digute esaten?'

Zubietako erraustegiaz, «artean egitasmoa zenean adituek eta herri mugimenduak iragarri genuena, orain jada egunero gertatzen ari da. Tamalez, erraustegiak ez du konpondu hondakinen arazoa eta, aldiz, Zubietan eta inguruetan eguneroko ogia da hondakinen errekuntzak eragiten duen kutsadura. Eta agintariek esaten ez diguten arren, errausketaren kalteak munduan barna zabaltzen dihardute. Bai: ingurumena kutsatu, bizidunon osasuna kaltetu eta klima aldaketa larriagotzen duten isuriak airera botatzeaz gain, Nafarroara, Bizkaira eta Gaztelara benetako hondakinen turismoa antolatu dute Zubietatik, eta hor barna barreiatzen ari dira hondakinen errekuntzak eragindako eskoriak eta beste errauts toxikoak».

«Erraustegiaren kudeatzaileek eta Gipuzkoako eta EAEko agintariek hainbat gauza ilun ezkutatzen digute herritarroi», diote Mugimendutik.

Nabarmentzen dutenez, «ez digute esaten Gipuzkoan sortzen diren hiri hondakinen %87a birziklagarria izan arren, %55a bakarrik birziklatu zela. Honek erakusten bait du, inbertsioak, benetako gaikako bilketa sistema eraginkorrak ezartzeko baliatu behar direla, eta ez, birziklagarriak diren baliodun hondakinak erretzeko labetzarren planta eraikitzen».

Esaterako, «Donostian, %42ko gaikako bilketa eskasean ainguratuta dagoela 2019tik mugitu gabe, Europak 2020rako jarritako %50eko birziklatze tasa lortzetik», diote.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!