Hernaniko jubenilek eta Mundarroko mutilek maila mantentzea lortu dute

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 10a, 00:00

Mundarroko zenbait jokalari, Soraluzeren aurkako partiduan.

Astigartarrek 2-0 garaitu zuten Soraluze. Hernaniarrek, berriz, 0-0 berdindu zuten Vasconiaren aurka. 

Asteburu garrantzitsua izan da bailarako futbolarientzat. Bereziki, Hernaniko Jubenil Nazional mailako talderako eta Mundarroko mutilen talde nagusirako. Izan ere, maila eustea izan zuten jokoan, eta lortutako emaitzekin, biek lortu dute mantentzea, beste denboraldi batez, Liga Nazionalean zein Erregional Preferentean. 

Astigartarrek Soraluzeren aurka neurtu zituzten indarrak, larunbat arratsaldean, Zarkumendegin, eta 2-0eko emaitzaren amaitu zen norgehiagoka. Helburua lortzeko berdinketa nahikoa zuten, baina hasiera-hasieratik partiduaren bila atera ziren zelaira, eta hiru puntuak etxean gelditzea lortu zuten. Izan ere, moreek lehen minututik markatu zuten erritmoa, eta 20. minutuan heldu zen lehenengo gola, Marcosen jaurtiketa batekin. Atsedenaldira heldu aurretik, ordea, aurkariek gol aukerak izan zituzten eta horrek etxekoen urduritasuna piztu zuen. Bigarren erdian, berriz, Mundarrok lortu zuen lasaitasuna mantentzea, eta horrelaxe heldu zen Marcosen bigarren eta azken eguna, partiduko garaipena ziurtatzeko. 

Bere aldetik, Hernaniko Jubenil Nazional mailako taldeak liderra izan zuen aurrez aurre, Puion. Vasconia aurkari zaila bazen ere, hernaniarrek argi zuten helburua eta egitekoa, eta horixe bera ziurtatu zuten partiduan. Hain zuzen ere, 0-0ko emaitza lortuta, Liga Nazionalean jarraituko dute datorren denboraldian

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!