Finalerdietara pasea Suharri 'Paolla'k, Urrezko Aizkolarietan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 10a, 00:00

Suharri 'Paolla' lanean, Zumaian.

Final laurdenetako bigarren fasera sailkatu zen Axel Larrañaga ere, baina ezin izan zuen kanporaketa gainditu.

Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa ari dira jokatzen, eta Urumea bailarako bi aizkolari izan ziren larunbatean Zumaian, hirugarren kanporaketa lehiatzen: Axel Larrañaga hernaniarra eta Suharri Rodriguez Paolla ereñotzuarra.

Bi fasetan jokatu zuten kanporaketa. Aurreneko fasean, lau aizkolariko hiru multzotan banatuta aritu ziren 12 partehartzaileak, eta multzo bakoitzeko bi onenek egin zuten aurrera. 54ko bi enbor moztu behar izan zituen bakoitzak. B multzoan bigarren izan zen Axel Larrañaga, 3:58 denboran amaituta lanak, Beñat Lekuek baino 11 segundu motelago; eta C multzoan onena izan zen Suharri Paolla, 2:53 denborarekin, Ugaitz Mugertza baino bost segundu azkarrago.

Bigarren fasean, A multzotik sailkatutako aizkolariak izan zituzten kontrario, bailarako biek. Paollak Ibai Zabala izan zuen aurrez aurre, eta lanak 4:44 denboran osatuta, minututik gorako aldearekin menderatu zuen. Horrela, finalerdietara sailkatu da. Larrañagak, berriz, Ioritz Gisasola Zelai IV izan zuen kontrario, eta ezin izan zion aurre egin. 4:30 denboran osatu zuen proba Gisasolak, eta 7:32 behar izan zuen Larrañagak. Hortaz, txapelketatik kanpo geratu da.

Paollarekin eta Gisasolarekin batera, Ugaitz Mugertzak ere lortu zuen pasea. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!