«Zilegi Eskolak 20 urte bete ditu, eta gonbidatu nahi ditugu herritarrak Zilegi astean parte hartzera»

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 10a, 00:00
Zilegi asteko saioak, Biterin eta Astigarragako kultur etxe zaharrean egingo dira.

Maiatzaren 16tik 20ra bitarterako, Zilegi astea antolatu du AEKk, eta izena emateko aukera dago, zilegieskola@aek.eusera idatzita edo 663 043 314 telefonora deituta.

Dagoeneko 20 urte igaro dira AEK Euskaltegiak Zilegi Eskola sortu zuenetik, eta hau ospatze aldera, Zilegi astea antolatu dute Urumea bailaran. Maiatzaren 16tik 20ra bitartean, Zilegi eskolak saio dinamikoak egingo ditu, Biterin eta Astigarragako kultur etxe zaharrean. Hori horrela, Zilegi Eskolaren eta datorren astean egingo diren saioen berri eman diote AEKko irakasleek, Kronikari: «normalean hilabetero pare bat saio antolatzen ditugu, baina orain ikusgarritasuna emateko 20garren urteurrenari, Zilegi astea antolatu dugu. Hernanin, bederatzi saio egingo ditugu, eta Astigarragan, berriz, zazpi».

Zilegi Eskolak mota askotako saioak hartzen ditu baitan, euskera erdigunean jarriz: «Zilegin tresna da euskera, eta helburua da gustuko ekintzak egitea. Esan daiteke Zilegi Eskolarekin konturatu gabe ari zarela euskera lantzen. Gero dagoen kezka, betidanik da, aisialdian kosta egiten zaigula euskeraz jardutea, eta orduan Zilegi Eskolak nahi du gune bat eskaini denontzat, euskeraren erabileran eragiteko». 

Beraz, datorren asterako, egitarau oparoa prestatu dute 20garren urteurrena ospatze aldera, Urumea bailaran. Hernanin, datorren astelehenean, goizeko 09:15etan hasita, Toxikorik gabeko bizimodua saioa eskainiko da Biterin, eta arratsaldean, bertsolaritza eta diskurtsorako parada izango dute parte-hartzaileek, 17:45etan hasita. Asteartean, berriro ere bertsolaritza eta diskurtso saioa eskainiko da goizeko 09:15etan, eta ordu berean, sukaldaritzaz gozatzeko aukera ere izango dute. Arratsaldean, perkusioarekin, doinu artean, euskera landuko dute arratsaldeko 18:00etan. Maiatzaren 18an, berriz, sendabelarrei buruzko zilegi eskola izango da goizeko protagonista, 10:00etan hasita, eta arratsaldean Toxikorik gabeko bizimodua saioa eskainiko da, 14:30etan hasita. Maiatzaren 19an, osteguna, goizean hitanoa praktikatuko dute, eta arratsaldean, berriro ere sendabelarrak nahasten emango diote amaiera Zilegi asteari, Hernanin. 

Astigarragan ere, datorren astelehenean emango zaio hasiera Zilegi asteari, sukaldaritzarekin. Goizeko 9:15etan hasiko da saioa, Astigarragako kultur etxe zaharrean. Arratsaldean, berriz, sendabelarrek hartuko dute lekukoa, eta ordu berean, defentsa pertsonalari buruzko saioan parte hartzeko aukera ere izango da. Maiatzaren 18an, goizean defentsa pertsonala lantzeko aukera egongo da, goizeko 09:30etan hasita, eta arratsaldean, sukaldaritza tailerraz gain, jendaurrean aritzeko ikastaroa antolatu da. Maiatzaren 19rako, irteera antolatu dute Astigarragan, Lizardi baratzera, hain zuzen ere. 

 

20 urte, Zilegi Eskolak 

«Euskaltegira etortzen den herritarrari, eskaintzen diogu eskaintzen dioguna, hor herritarrak ez du autonomiarik erabakitzeko zer egin behar duen, tokatu zaion mailan dago, eta kitto. Aldiz Zilegi Eskolak ez du horrela funtzionatzen» adierazi dute argi AEKko kideek, eta jarraian, Zilegi Eskolaren sorrera eta helburuen berri eman dute: «Duela 20 urte hausnartu genuen egoera, eta ikusi genuen behar bazegoela euskeran murgiltzeko. Hau da, euskera ikasi nahi badu herritar batek, guk tresnak emango dizkiogu, autonomoa izan behar duela erakutsita, noski. Esan nahi dugu, berak erabakitzea zer duen gustuko, zer duen interesekoa, eta zer komeniko litzaioken euskeran murgiltzeko. Beraz, hori zen ideia nagusia, zeuk erabakitzea zertan parte hartu, baina euskera biziz, ez Euskaltegiak ematen dizkizun mugen barruan, baizik eta modu libreago batean. Zilegi eskola da, espazio bat librea, herritarrak parte hartzen duena. Modu dinamiko batean eskaintzen ditugu tailer hauek, izan ere, Zilegi eskolan ez da gramatika azaltzen, baizik eta zuk gustuko duzun hori egingo duzu. Ez baduzu ulertzen saioan aipatutako zerbait, zeuk zure kabuz zerbait egin beharko duzu hurrengo batean hori ulertzeko. Era berean, Zilegi Eskola sortu genuenean, beste ideia bat izan zen Euskaltegira etortzen diren herritarrak ikasle izendatzen ditugula, eta gure asmoa zen, horiek euskaltegira etortzen ez direnekin ere harremanetan jartzea, eta parte hartzea Zilegi Eskolan. Halaber, herritarrak Zilegi Eskolako gai emaile izatea ere gure asmoen baitan dago, dakiena besteei erakutsiz». 

 

 

Gonbitea herritarrei 

Zilegi Eskolak ateak irekita dauzka, eta herritarrek parte hartzeko deia luzatu nahi izan dute: «gonbidatzen dugu mundu guztia, batzuetan jendeak uste du ikasleentzako bakarrik dela Zilegi Eskola, eta ez da hala, herritar oro izan daiteke Zilegi Eskolaren parte, herritarra izan daiteke ikaslea, nahiz eta euskaltegiko klaseetara ez joan. Doakoa da eta helarazi nahi dugu edonori zuzenduta dagoela, eta behar dena da interesa eta gogoa!». Parte hartzeko asmoa duenak, aldez aurretik izena eman behar du, zilegieskola@aek.eus helbidera idatzita, edo 663 043 314 telefonora deituta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!