Kanporaketa bideratu dute Hernanik eta Astigarragak, Herriartekoan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 10a, 00:00

Hernaniko bost ordezkariak, ostiraleko jaialdian.

Hernani 3-0 nagusitu zitzaion Mutrikuri, eta Astigarragak 1-2 irabazi zuen Anoetan, joanekoan.

Ostiralean hasi zuten palako Herriarteko Txapelketa, Astigarragak eta Hernanik, final zortzirenetako joanekoarekin; eta primerako emaitzak lortu zituzten biek. Bideratuta utzi dute kanporaketa, bueltako partiduei begira.

Etxean jokatu zuen joanekoa Hernanik, Mutrikuren kontra; eta hiru partiduetan lortu zuen garaipena. Banaka kantxa osoan, 20-18 irabazi zuen Mikel Manterolak, oso partidu gogorra jokatuta. Binaka aritu ziren Jon Beloki eta Iker Zurutuza, eta erraz irabazten hasi ondoren (8-2), nahi baino gehiago kosta zitzaien garaipena lortzea (20-13). Eta hirugarren partiduan, banaka zazpi barruan, 20-10 irabazi zuen Alain Agirrek. Oso partidu polita izan zen azkeneko hori, eta bere abileziak erakutsi zituen Agirrek, bereziki bi paretaz tanto asko eginda.

Astigarragak, berriz, 1-2ko emaitza ekarri zuen Anoetatik. Banaka kantxa osoan aritu zen Asier Salaberria, eta 9-20 nagusitu zen. Garaipena lortu zuten Mikel Txoperenak eta Beñat Zubiarrainek ere, binakakoan (13-20). Eta ezin izan zuen jaialdia borobildu Ganix Urdangarinek, banaka zazpi barruan: 20-9 galdu zuen astigartarrak. Edonola ere, bi punturekin eta zazpi tantoren aldearekin hasiko da Astigarraga etxean, bueltakoan.

Larunbatean jokatuko du bueltakoa Astigarragak, goizeko 10:00etan hasita Txomiñenen; eta bi garaipen lortzen saiatuko da berriro, tantoei begira egon beharrik ez izateko. Hernaniren kasuan, oraindik zehaztu gabe dago eguna, baina ostiral arratsaldean jokatuko du ziurrenik, Debako frontoian. Nahikoa du garaipen bat lortzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!