Enekoitz Azparren, Euskadiko txapeldun

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 10a, 00:00
Enekoitz Azparren, Natxituan irabazi ondoren. Argazkia: Euskadi Fundazioa

Natxituan nagusitu zen astigartarra. Bidasoa Itzulian, protagonista izan ziren bera eta Telmo Semperena.

Ostegunetik igandera, asteburu luzea izan dute afizionatu mailako txirrindulariek; eta oparoa izan da, bailarakoentzat, bereziki Enekoitz Azparren astigartarrarentzat: Euskadiko Txapelketa irabazi zuen igandean Natxituan, San Isidro Sari Nagusia irabazita. Oier Aldamari eta Iker Mintegiri hartu zien aurrea, azkeneko esprintean.

Hori baino lehen, Bidasoa Itzulian aritu ziren Azparren bera eta Telmo Semperena astigartarra, eta protagonista izan ziren biak. Garaipena lortzetik gertu izan zen Azparren, bigarren etapan: bigarren sailkatu zen, Harrison Wood britainiarraren atzetik. Hirugarren etapan, ordea, egun txarra izan zuen astigartarrak, eta 52garren helmugaratu zen.

Telmo Semperenak, berriz, tarteko helmugen sailkapenean izan du lehia ederra. Bigarren etapako tarteko esprint bat irabazi, eta lider jarri zen sailkapenean. Baina hirugarrenean ezin izan zuen punturik pilatu, eta Iñaki Diazek hartu zion aurrea, puntu bakarreko aldearekin. Bigarren bukatu zuen astigartarrak, sailkapen horretan.

Ander Amonarriz hernaniarrak, berriz, bi proba lehiatu ditu Galizian: larunbatean 30garren izan zen Padrónen, eta igandean 41garren Betanzosen.

Eta jubenilek Lazkaomendi­ko Proba izan zu­­ten larunbatean. Bi hernaniarrek osatu zuten proba: Unax Urretabizkaia 20garren, eta Aner Zilbeti 48garren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!