Gipuzkoako errepideetan bi hitzordu, asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 7a, 00:00

Bidasoa Itzuliaren azkeneko etapa jokatuko dute afizionatu mailakoek, eta Lazkaon ariko dira jubenilak.

Errepidera aterako dira Urumea bailarako txirrindulariak, asteburu honetan ere, hainbat lasterketatan parte hartzeko. Eta bereziki hitzordu garrantzitsua izango dute afizionatu mailakoek, gaur: Bidasoa Itzuliaren azkeneko etapa jokatuko dute, Irunen hasi eta bukatuta. Arratsaldeko 15:25etan abiatuko dira, eta 77,3 kilometroko ibilbide gogorra izango dute, bost mendaterekin: Gurutze, Aritxulegi, Agiña, San Martzial eta Erlaitz. 17:30ak aldera bukatuko da etapa.

Bi astigartar ari dira parte hartzen: Enekoitz Azparren eta Telmo Semperena. Aurreneko etapan, Irunen hasi eta Igantziko Irrisarri Landeko aldapan bukatuta, 13garren sailkatu zen Azparren, Alejandro Franco irabazlea baino 27 segundu beranduago helmugaratuta. Euskaldunen artean, bigarren izan zen astigartarra.

Semperena, berriz, eguneko ihesaldian sartzeko saiakeran aritu zen, eta tarteko helmuga batean bi puntu pilatzea lortu zuen. Etapa berriz, 107garren bukatu zuen. Atzo arratsaldean jokatu zuten bigarren etapa, Hendaian hasi eta Hondarribian bukatu.

Jubenilek, berriz, Lazkaomen­diko Proba izango dute gaur bertan, 09:30etan Lazkaotik abiatu­ta. 99 kilometroko ibilbidea izan­go dute, eta Larraitzeko eta Gaintzako mendateak gainditu ondoren, Lazkaomendiko gainean bukatuko dute.

Eta kadeteak Lizarran ariko dira bihar, Si Hablaran lasterketan, 11:30etan abiatuta. 55 kilometroko proba izango da

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!