Hater-ak goiz hasi ziren Giroko lehen etapan ahoberokeriatan, lehen 170 kilometroak ezin aspergarriagoak izan zirelako, eta askok, lerroon egileak tarteko, Giroa urteko proba politena dela saltzen dugulako etengabe. Siesta on bat ordu laurden ikusgarriarekin bukatzen bada, txarra al da ba? Ni konforme. Visegrad gotorlekuko igoera ikusgarria izan baita, emozio handikoa, eta Pello Bilbao euskalduna garaipenetik gertu ibili delako euskal tifosien pozerako. Garaile faborito handia, Mathieu Van der Poel piztia, baina dena emanda, Girmai afrikarrak ikaragarri zaildu baitio etapa garaipena. Van der Poel-ek sufritu bazuen, pentsa besteak nola iritsi ziren! Muga-mugan!
Mattia Bais eta Filippo Taglianirentzat protagonismo osoa lehen 180 kilometrotan. Bardiani taldeko bikoa, Gianni Savioren proiektu agorrezina kameretako fokuak erakartzen. Dozena minutuko aldea aise, ihes eginda. baina gero, tropelak aise irentsi ditu. Visegrad gotorlekura iristen urduritasuna, tentsioa, watioak, kokapena kosta ala kosta irabazi nahi... Erorikoren bat edo beste, eta egurra, maldan gora. Lawrence Naesen aurrena, Lennard Kamna zaldia gero, eta atzean Wanty lanean Girmai eritrearrarentzat. Pello Bilbao eta Carapaz oso goien, eta Van der Poel Ewan aurreratzeko lanekin. Girmai ere pasa du, eta Ewan saiatu da, baina afrikarraren gurpila ukitu eta erori egin da. Bere errua, ziur aski oso justu zihoalako. Van der Poel, Girmai eta Pello. Pellok lau segundoko gainsari goxoa zakura, eta Carapaz-i izan ezik, beste lau segundo beste oilarrei, gutxienez, zulo txiki bat ireki baita 8. postutik aurrera.
Bihar erlojupekoa Budapest hiruburu dotoreko kaleetan. Tekniko samarra, hiriko kale kantoietan. 9.2 kilometro, 13-14 minutuko lana, azken kilometroa gorantz baita. 14 bihurgune itxi daude, 90 gradukoak, eta horrek bihurguneetan iaioak direnei abantaila eman diezaieke. Erlojupekoko azken 1.300 metroek %4.9ko batez besteko desnibela dute. Lehen 200 metroak %10era, beste 150 metro %7ra, eta hortik gora leunago, %3.4ko malda. Kilometro pasatxo horrek min egingo die espezialista petoei, eta Pello Bilbao maglia arrosa lortzeko hautagai izango da.