Gipuzkoako Kopako azkenekoa, Altzan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 7a, 00:00

Bihar jokatuko dute Kopako azkeneko tiraldia. Laugarren dago Ibon Miner ereñotzuarra, gizonezkoen artean.

Hiru asteburutan hartu dute atseden bolariek; baina bueltan izango dira bihar, Altzan, tiraldi garrantzitsuarekin: Gipuzkoako Kopako azkenekoa jokatuko da. Bertan izango dira Urumeako bolari asko ere, eta Kopa irabazteko hautagaietako bat da Ibon Miner ereñotzuarra.

Aurreko hiru tiraldietan, 131 brila lortu ditu Minerrek, eta laugarren dago gizonezkoen sailkapen nagusian. Aurretik dauzka Jokin Izagirre (134), Iosu Lazkano (133) eta Ramon Iglesias (132), oso tarte txikiarekin.

Bailarako beste sei bolari ere aritu dira Kopan, gizonezkoetan. 11garren dago Joxe Mari Etxebeste astigartarra, 124 brilarekin. Elkarren segidan daude beste lau bolari: Aner Miner ereñotzuarra 18garren (117 brila), Mikel Arroio hernaniarra 19garren (116), Leandro Miner ereñotzuarra 20garren (116), eta Fermin Zuloaga hernaniarra 21garren (116). Miel Arrozpide hernaniarra 27garren dago, 112 brilarekin.

Emakumezkoen sailkapenean, berriz, seigarren postuan dago Martxeli Kanflanka ereñotzuarra, 72 brilarekin. 

 

Toka Txapelketan ere, azkeneko tiraldia

Bola tiraldia ez ezik, tokakoa ere jokatuko da Altzan, bihar. Eta azkeneko tiraldia izango da hori ere, Toka Txapelketan. Aurreneko sei tiraldiak jokatuta, zortzigarren postuan dago Leandro Miner, 50 punturekin; eta 26garren dago Martxeli Kanflanka, 22rekin. Emakumezkoen artean, aurreneko postuan berdinduta daude Kanflanka bera eta Naiara Peñagarikano. Gaurko tiraldien ondoren, datorren larunbatean Zerainen jokatuko dute Gipuzkoako Txapelketa, bolan zein tokan. Eta ez dago urruti Euskadiko Bola Txapelketa ere, Ereñotzun jokatuko dena, ekainaren 4an.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!