Iker Salaberriak, Promozioko Buruz Buruko Txapelketako finala jokatuko du maiatzaren 21ean

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 7a, 00:00

Pelota eskolako 36 pelotari ari dira jokatzen Pelota Eskolako Txapelketa. Atzotik, astero bederatzi partidu izango dira.

Goizuetarrak ez du finalerdia jokatu eta zuzenean sartu da finalera, Javier Zabala aurkaria ez baita osatu pasa den asteartean izan zuen txorkatileko bihurritutik. Labriten izango da finala Alberdi anaietako baten aurka.

Iker Salaberria goizuetarrak Promozio Buruz Buruko Txapelketako finala jokatuko du Alberdi anaien arteko finalerdietako irabazlearen kontra. Javier Zabala ez zen garaiz sendatu asteartean entrenamenduan izandako orkatilako bihurritutik eta atzo, Rio Tobiako Baños frontoian jokatu behar zen finalerdia bertan behera geratu zen. Logroñoko aurrelariak bihurritu egin zuen Iruñeko Labrit pelotalekuan egindako entrenamenduan. Dagozkion probak egin eta haustura baztertu ondoren, sendagileek atseden hartzea gomendatu zioten.

Goizuetako aurrelaria, horrela, zuzenean igaro da Promozioko Buruz Buruko Txapelketako finalera. Finala maiatzaren 21ean izango da Labriten.

  

Labakak Josetxo Ezkurra txapelketako finala jokatuko du eta Hernani Berria Txapelketan lehiatuko da

Iñigo Labakak gaur jokatuko du, 12:30etan, Donezteben, lau t'erdian jokatzen ari den txapelketa honetako finala. Enaitz Antso (Zugarralde) izango du aurkari. Nafarroako pelotaria da faboritoa, baina Labaka txapelketa ona ari da burutzen. Hiru pelotari kanporatu ditu, inor gutxik espero zuenean eta finalean berriro ezustekoa eman nahi du.

Bestetik, bihar 17:00etan, Hernaniko kiroldegian, C.D.Hernaniko pelotariak final-zortzirenetan lehiatuko dira, Behar Zana (Villabona) taldearen aurka. Hernaniarrek jokatuko dute lehenengo kanporaketa aurtengo edizioan. Etxeko pelotariak dira faborito lehen bi partiduetan eta hirugarrenean pronostikoak berdinduta daude momentuko bi bikote afizionatu onenen artean. 

Hauek dira CD. Hernani eta Behar Zanaren artean iragarritako partiduak: kadeteetan, Xuban Iturbe eta Oier Azpeitia hernaniarrak, Aranburu eta Otaegiren aurka; gazteetan, Jon Jara eta Unai Etxarri, Aranburu anaien aurka; eta seniorretan, Paul Ojuel eta Markel Lizeaga, Urbieta II eta Erasunen aurka.

 

Herriarteko final zortzirenak Aretxabaletan, gaur zortzi

Gipuzkoako Herriarteko txapelketa pasa den astean hasi zen eta Hernani gaur zortzi sartuko da lehian Aretxabaletaren kontra, final zortzirenetan. Bueltako norgehiagokak Hernanin jokatuko dira maiatzaren 22-23ko asteburuan.

Aurten Astigarragak ez du taldea osatu eta ez du parte hartuko Herriartekoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!