Eskola kiroleko Gipuzkoako Txapelketa jokatu zen aurreko igandean, alebin eta infantil mailetan, Arrasateko Mojategi estadioan; eta bertan aritu ziren CD Hernaniko hainbat atleta. Horien artean, podiumera igotzea lortu zuen Lur Oconek, 1.000 metroko proban. Hirugarren sailkatu zen, 3:00 denborarekin, eta brontzezko domina ekarri zuen Hernanira.
Andoainen, berriz, Santa Krutz Kros Herrikoia jokatu zen igandean bertan; eta horretan ere, bailarako hainbat korrikalari izan ziren partehartzaileen artean. Hirugarren sailkatu zen Ibai Alba hernaniarra, gizonezkoetan, 32:24 denboran osatuta 10 kilometroko ibilbidea.
Anartz Artola laugarren, Aloñako Igoeran
Mendi lasterketetan ere aritu ziren bailarako korrikalariak, Oñatiko Aloñako Igoeran eta Zubiriko Nafarroa Xtremen. Aloñako Igoeran, laugarren sailkatu zen Anart Artola hernaniarra, 2:10:55 denboran osatuta 22,4 kilometroko ibilbidea. Jon Ander Olazabal hernaniarra, berriz, 30garren sailkatu zen (2:31:38).
Eta Zubirin, bailarako sei korrikalari izan ziren: 35 kilometroko proban aritu ziren Aitzol Larrañaga (4:01:08) eta Mikel Goenaga (5:21:46) astigartarrak, Oskar Gaskon aranoarra (4:22:43), eta Gonzalo Alzaga (3:55:59) eta Julen Zulaika (4:37:49) hernaniarrak; eta 22 kilometrokoan, Xabier Esparza hernaniarra (3:31:58).