Italiako Giroa 2022

#VivailGiro

Andoni Urbistondo 2022ko mai. 6a, 08:36

@Bahrain taldean ariko dira Landa eta Bilbao.

Bihar hasiko da urteko lehen itzuli handia, hiruretan ederrena; jarraipen zabala egingo dio egunero Kronikak, etapako kontakizunarekin, eta hurrengo etapako atarikoarekin.

Bihar hasiko da Italiako Giroa, Hungariako Budapest hiriburuan. 104. ekitaldia da, eta mundua erasan duen bi urteko epe ilunaren, pandemiaren bukaeran. Amore infinito leloa asmatu zuen behinola RCS talde antolatzaileak, eta lelo horri eusten segitzen dio, amu moduan. Giroak lotu egiten du zalea, hiru itzuli handietan bilakaera ikusgarriena, aldakorrena duena da, eta beste inon ez dauden paisai eta mendi ikusgarriekin. Horregatik, amore infinito leloari vivailgiro traola gehitzeko proposamena, lerroon egilearen partez. Giroa maite dugulako, eta hasteko irrikan gaudelako.

Maiatzak 6 Budapest, maiatzak 29 Veronan

Hiru aste eta erdi, 24 eguneko bidaia, 21 lehiaketa egun, milaka pedalkada, ehunka berotu, dozenaka malda eta loria une bakan batzuk. Giroa ikusgarria izan bide da beste behin, antolatzaileek inor baino hobeto dakitelako nola egin erakargarri ibilbidea, nola lotu zalea. Giroko ibilbidea ikusgarria da beste urtebetez, eta interesa, tentsioa, oilarren arteko borroka lehen egunetik hasiko da. Lehen etapa Visegrad gotorlekuan bukatuko da, sailkapen nagusian lehen segundotxoko zuloak irekiko dituen aldapa. Lau kilometro %5era, ezer gutxi Giroak igoko dituen maldatzarrekin alderatuta, baina ikuskizun ziurra lehen egunetik. Larunbatez, Budapest hiriburuan, 9.5 kilometroko erlojupekoa, bukaera gaiztoarekin. Kilometro pasatxoko beste aldapatxo bat, 300 metro %10ra, oilarrak deseroso sentitu daitezen. Eta igandean atsedena. Lehen volata, esprinta, Balaton-en.

Atsedena astelehenean, hegaldi luzea Siziliaraino. Eta han, Etna sumendia zain, asteartean bertan. Olioztatu gabeko hanka zuztarrei koipea kentzeko. 1.892 metroraino igoko dira txirrindulariak, Sapienza aterperaino: 23 kilometro, eta %6ko batez bestekoa. Broma gutxi, lokartzen dena arrivederci! Bosgarren etapa, ihesaldi ahaleginak Messinara bidean, eta penintsulara bueltan, egun lasaia seigarren etapa. Zazpigarrenak bota famatua zeharkatuko du alderik alde, Potenzan bukatzeko. Erne etapa honekin, 3.500 metroko desnibela eta 200 kilometro. Impegnativa, italiarrek usu esaten duten moduan. Monte Sirino eta Monte Grande de Viggiano bide erdian, bigarrenak 6.6 kilometro %9.1eko batez besteko pendizarekin. Potenzako bukaera, nola ez, bihurria, tricky ingelesen hizkuntzan: 350 metro %8.5eko malda, %13ko tarteren bat ere bai. Puncheur-entzat ezin aproposagoa. Bigarren larunbata Napolin hasi eta bukatu, eta lehen asteko bukaera mendate puska batean: Blockhaus.

Izena ere potentea, indartsua du oso. Eta zenbakiak, beldurtzeko modukoak: Ia 5.000 metroko desnibel metatua, 190 kilometroan. Suteak sortzeko moduko hasiera, hirugarren mailako mendate bat, bigarren mailako beste bi. Gero bidea egiteko sasi ordeka, eta azken 50 kilometroetan Passo Lanciano, Blochaus-ko igoeraren isuri bat, eta gero Blockhaus bera, Apeninoetako bihotzean. Lancianok 10 kilometro ditu, %7.6ko malda. Blockhaus-ek 14 kilometro ia, eta malda %8.4koa. Azken 10 kilometroak %9.4ra. Mortirolo ere gogorra izanen da, baina Blockhaus… Usabiaga maisuak esango lukeen moduan, ‘aldapa zagok hor, Fermin!’

Astelehena 16, bigarren atseden eguna. Beharko… Bigarren asteak klasiko zale eta ehiztarientzat ditu etapa apropos franko. Hiru bai, Jesi, Genoa eta Cuneon. Asteburu hori etapa gorabeheratsu batekin hasiko da, Piamonteko hiriburu dotorean, Torinon. Superga eta Colle della Madalena, hiri inguruan dauden bi muino piko igoko dituzte bitan, baina bukaera Italiako hiri historikoko bihotzean bukatuko da, Corso Moncallieri-n. Biharamunean, Alpeak, Torinotik pauso batera: Pila-Les Fleurs, Verrogne eta Cogne bidean, lehen mailako hiru mendate, bukaera Cogne etzanean (22.4 km., %4.3ko malda).

Hirugarren atseden eguna… eta festak!!! Asteartean Aprica famatua, eta Aprica dagoen tokian Mortirolo mamua eta Valico Santa Cristina. Mortirolo, aurten, alde samurrenetik (12.6 km. eta %7.2ko malda). Valico Santa Cristinak Indurain handia belaunikarazi zuen ia-ia, Atarrabiakoak grossa pajara bat jasan ostean 1994an. Santa Cristina etapa bukaera perfektua da 5.000 metrotik gorako desnibel metatua daukan etaparentzat: 13.5 km, %8,1, azken 6.5 kilometroak %10.1!!! Harrapazak / n. Ez zarela ase? Lasai, hurrengo egunean Monterrovere-n jarri baitute antolatzaileek etapa bukaera. Zenbaki hotzekin izerditan jartzen da edonor… 8 kilometro, %10ko pendiza, azken lauak %11,2ra. Daleeee!!!

Trevison arnas apur bat, eta mendiko azken bi etapak. Lehena Eslovenian sartuko da, Kolovrat mendate ezaguna igo (10.3 km., %9.2ko batez besteko malda), eta Friuli aldera bueltatu, Italiara, Santuario de Castelmonte bigarren mailako mendatean bukatzeko. Bigarren mailakoa, baino gaiztoa. Eta larunbatean, trumoiak Dolomitetan. Etapa ikaragarria, gogorra, luzea, segadak egiteko egokia… nahi dena, indarrik eta kemenik bada. Aukeran, labur samarra, 170 kilometro eskas, baina desnibel metatu ikaragarria: 4.500 metro. Izen handiko hiru mendate mitiko tappone dolomitico-an: San Pellegrino (18.5 km. %6.5, azken 6 kilometroak %9), Passo Pordoi Coppi gaina (2.239 metro, 11.8 km., %6.8), eta Marmolada edo Passo Fedaia (14 kilometro, %7.6). Marmolada iaz igo behar zuten, baina elurteak etapa moztu zuen. Marmolada Malga Ciapela-tik igoko dute, Capriletik. Ziur aski txirrindulari proba batean pasatzen den zuzen gune malkartsuena da: hiruzpalau kilometro zuzen, beti %11tik gorako malda. Mendateak bere gogortasuna erakustea baina gauza gogorragorik ez omen dago, ba horraino da krudela Marmolada mamutzarra! Azken egunak sailkapen nagusiko lehen postuak zehatz ditzake, 17.4 kilometroko erlojupekoa jokatuko baita Veronan. Hau ere mendate batekin, bide erdian… Ezin zuen bestela izan.

Carapaz eta besteak

Eta nork irabaziko du Giroa? Asmatzen duenak aberats. Egan Bernalen hutsunea betetzeko hautagai sorta anitza da. Anitza eta arriskatua, ziurtasun gutxi ematen duena. Itxuraz, eta faborito argi baten faltan, demagun Pogaçar Tourrean, edota Roglic Vueltan, ziklista bat azaltzen da besteen gainetik: Richard Carapaz. Ekuatortarrak Giroa irabazi du, erregularra da, eta Bernalen hutsuneak atea parez pare irekitzen diola badaki. Belaunikarazten zaila da Carchi-ko lokomotora, eta gauzak ondo, bukaeran goian ibiliko da.

Bigarren koska batean jarri beharko genituzke beste hainbat karrerista. Romain Bardet, indartsu Alpeetako Tourra irabazi ostean. Igotzen aurkari asko baino puntu bat ahulagoa da, baina ausarta da, eta bikain moldatzen da jaitsieretan, Horrek ere segundo asko eman ditzake Giroan. Simon Yates-ek ere bigarren koska honetan egotea merezi du, irregularretan irregularrena bada ere. Joao Almeida eta Miguel Angel Lopez ere hautagai sendoen artean kokatu genitzake, batez ere Almeida portugaldarra. Eskuzabal jokatuz gero, Mikel Landa eta Pello Bilbao euskaldunak ere bigarren koska honetan tokitxoa merezi dute. Igotzaile aparta lehena, zorigaiztoa saihesten nahiko lan izan dezake, azken astera podiumerako aukerekin iristeko. Kontrakoa Pello: erregularra, txirrindulari konstantea, gogorra, baina mendi handietan puntutxo bat faltan bota dezakeena. Jaitsieretan tropeleko onenetakoa. Podiuma oso gertu izan dezake.

Eta bukatzeko, outsider-ak, edo ezustekoa eman dezaketen txirrindularien sorta. Ivan Ramiro Sosa, Movistar taldeko kolonbiarra. Asturiasko Itzulian  nagusi, eta igotzaile ona. Ze neurri emango du Jai Hindleyk, 2020an txapeldunorde izan ostean? Eta Pozzovivok? Bizikleta gainean oker-oker, lesio larri bat gainditu berri, polita litzateke Top 5ean sartzea. Jarraitu beste izen hauek ere gertutik: Atila Valter, Tobias Foss, Sivakov, Ciccone, Felix Gall, Skjelmose…

Eta jarraitu adi Kronikaren webgunea (kronika.eus) eta @urbixxx twitter kontua. Horietan egunero etaparen kontakizuna, eta goizero, etapa hasi aurreko analisi sakona.

#Vivailgiro

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!