Herri Urratserako autobusa antolatu dute Doberak eta Lasarteko Ttakun kultur elkarteak

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 4a, 00:00

Bihar da izena emateko azken eguna. Argazkia: Herri Urrats

Maiatzaren 8an izango da ekimena. Autobusa 09:10etan aterako da Hernanitik; Astigarragatik, 09:20etan. Txartelak salgai daude, 12 euroan. 

Pandemiaren ondorioz, ezin izan da azken bi urte hauetan Iparraldeko ikastolen aldeko festa ospatu. Aurten, aldiz, murrizketen malgutzearekin batera, Itzulera lelopean ospatuko da 2022ko Herri Urrats. Aurtengoa Ikastolen festaren 39. edizioa izango da, eta Senpereko lakuan ospatuko da, maiatzaren 8an. 

Bertara joateko autobusa antolatu dute Dobera Euskara Elkarteak eta Lasarteko Ttakun kultura elkarteak, elkarlanean. Oraindik ez da segurua autobusa aterako den ala ez, baina atera ezean, dirua itzuliko zaie izena eman duten guztiei.

 

Autobusa, Senperera

Antolatzen ari diren autobusa, hiru herritatik abiatuko da: Lasartetik, Tajamarreko errotondatik, 09:00etan; Hernanitik, Atsegindegiko Biteri ondoko geltokitik, 09:10etan; eta Astigarragatik, Donostia ibilbideko Ibai-Lur tabernaren ondoko geltokitik, 09:20etan. Itzultzeko autobusa, berriz, arratsaldeko 19:00etan irtengo da Senperetik.

Autobus zerbitzua bermatu ahal izateko, gutxienez, 35 lagunek eman beharko dute izena. Gainera, adingabekoek joan nahi izanez gero, adin nagusiko norbaitekin joan beharko dute. Bestela, garrantzitsua da gurasoen edo legezko tutoreen baimena egunean bertan gainean eramatea.

Autobuserako txartelak salgai daude Doberako bulegoan (Larramendi kalea 11, behea), 12 euroan. Doberako bazkideek 10 euroan eskuratu ahal izango dituzte. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, txartelak erosteko eta izena emateko azken eguna bihar izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!