10 ordezkari izango ditu Urumea bailarak, Bertsolari Txapelketa Nagusian

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 3a, 14:21

2017ko zortzi finalistak eta Sebastian Lizaso, ikusleei txaloka finalaren bukaeran.

Txapelketan izena eman duten bertsolarien zerrenda argitaratu du Bertsozale Elkarteak, eta bertakoak edo bailararekin lotura dutenak dira 10; tartean, aurreko txapelketako lau finalistak: Maialen Lujanbio, Unai Agirre, Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendi.

42 bertsolari ariko dira aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusian, eta 10 ordezkari izango ditu Urumea bailarak. Gaur argitaratu du izena emandakoen zerrenda Bertsozale Elkarteak.

Horien artean, ez dira faltako aurreko txapelketako sei finalista; eta lau dira bailararekin lotura dutenak: Maialen Lujanbio Zugasti eta Unai Agirre Goia hernaniarrak, eta Hernaniko Bertso Eskolako Aitor Mendiluze Gonzalez andoaindarra eta Beñat Gaztelumendi Arandia añorgarra. Lujanbiok eta Mendiluzek jokatu zuten buruz burukoa, 2017ko final hartan, eta bigarrenez jantzi zuen txapela hernaniarrak. Izena eman duten beste bi finalistak dira Sustrai Colina Akordarrementeria eta Amets Arzallus Antia, eta parte hartzeari uko egin diote Igor Elortza Aranoak eta Aitor Sarriegi Galparsorok.

Herrialdeetako txapelketatik sailkatu dira gainerako 36 bertsolariak. Horien artean daude Agin Laburu Rezola astigartarra eta Eñaut Martikorena Lizaso hernaniarra; eta baita Hernaniko Bertso Eskolan aritutako lau kide ere: Asier Azpiroz Iztueta zubietarra, Nerea Elustondo Plazaola legazpiarra, Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarra, eta Unai Gaztelumendi Arandia añorgarra. Horietatik, txapelketan estreinako aldia izango dute Azpirozek eta Martikorenak.

Haiek bezalaxe, txapelketan debutariak dira herrialdekoetatik sailkatutako partehartzaileen ia erdiak: 36 bertsolaritik 15. Partehartzaileen %62,5 izango dira gizonezkoak, eta %32,5 emakumezkoak; eta beste bi datu ere eman dituzte, parekidetasunari dagokionez: herrialdekako txapelketatik sailkatutakoen %59 dira gizonezkoak eta %41 emakumezkoak; eta debutarien %72 dira gizonezkoak, eta %28 emakumezkoak.

Honakoak dira, gainerako partehartzaileak: Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Alaia Martin Etxebeste, Amaia Iturriotz Etxaniz, Ane Labaka Mayoz, Beñat Iguaran Amondarain, Eneko Lazkoz Martinez, Gorka Pagonabarraga Agorria, Haritz Mujika Lasa, Iban Urdangarin Lardizabal, Imanol Uria Albizuri, Iñaki Apalategi Astigarraga, Iñigo Mantzizidor Larrañaga, Joanes Illarregi Marzol, Jone Uria Albizuri, Julio Soto Ezkurdia, Maddalen Arzallus Antia, Maialen Akizu Bidegain, Miren Amuriza Plaza, Miren Artetxe Sarasola, Oihana Bartra Arenas, Oihana Iguaran Barandiaran, Onintza Enbeita Maguregi, Patxi Iriart Hiribarren, Saioa Alkaiza Guallar, Unai Mendizabal Jauregi, Xabat Galletebeitia Abaroa eta Xabier Silveira Etxeberria.

Herrialdekako txapelketetan txartela lortu zutenetatik, zazpi bertsolarik egin diote uko, Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartzeko aukerari: Jon Maia Soriak, Etxahun Lekue Etxebarriak, Odei Barroso Gomilak, Jokin Uranga Isuskizak, Beñat Lizaso Alberdik, Unai Muñoa Amundarainek eta Iñigo Izagirre Urteagak. Jon Maiak, gainera, txapelketa behin betiko utziko duela iragarri du, zazpi ediziotan parte hartu, lau aldiz finalista izan eta 2009an hirugarren sailkatu ondoren.

Ekainean emango du saioei buruzko informazioa, Bertsozale Elkarteak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!