Garaipen oso garrantzitsua lortu dute Mundarroko mutilek, mailari eusteko

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 3a, 00:00

Hernaniko jokalari bat kontrarioari 'kañoa' egiten, eta hiru ikusle adi begira.

Ikasberri liderraren zelaian irabazita (0-1), aurrerapauso haundia eman dute moreek, mailari eusteko lehian.

Aste Santuko etenalditik bueltan, oso partidu garrantzitsua jokatu zuen Mundarrok, mutilen Erregional Preferentean, mailari eusteko lehian. Azpeitian aritu zen, Ikasberriren kontra; multzoko liderraren kontra, hain justu. Eta urrezko hiru puntu ekarri zituzten moreek, 0-1 irabazita; ondo merezitako hiru puntu, gainera. Nagusi izan ziren astigartarrak, partiduaren zati gehienetan; eta beraiek izan zituzten gol aukera garbienak. Ondo ekin zioten moreek partiduari, eta 10-15 minutuko tarte pattalago bat izan ezik, jaun eta jabe izan ziren jokoan, baina ez zuten asmatu atezainaren aurrean. Zutoina ere jo zuten, saiakera batean. Berdinduago hasi zuten bigarren zatia, baina pixkanaka nagusitu ziren astigartarrak berriro, eta 20 minuturen faltan jaso zuten saria: alboko sake batekin baloia arean sartu, eta bigarren aukeran buruz lortu zuen gola Xabik. Hortik aurrera, primeran defendatu zuten bere atea moreek, eta bigarren gola lortzeko aukera ere izan zuten. Lortutako hiru puntuekin, Ikasberrirekin berdindu du Mundarrok (11 puntu), eta Idiazabal (8), Soraluze (7) eta Oiartzun (6) urrundu ditu.

Nesken Erregional Preferentean, berriz, derbia jokatu zuten Hernanik eta Mundarrok, igoera fasean; eta 2-2 berdindu zuten. Horrela, igoera lortzeko aukerarik gabe geratu da talde astigartarra ere.

 

Laugarren postuan finkatuta, Hernaniko neskak

Ohorezko Erregional Mailako taldeei dagokienez, garaipen polita lortu zuten Hernaniko neskek, Lasarte-Orian, Ostadarren kontra (2-3). Horrekin, sailkapeneko laugarren postuan finkatu dira, eta horrela bukatuko dute ziurrenik. Mutilek, aldiz, 2-2 berdindu zuten Zubipen, Amaikak Bat taldearen kontra. Seigarren postuan daude.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!