Lau txapela Mendialdeko txapelketan, Iker Salaberria finalerdietara eta Apezetxeak txapela, Grabnin

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 3a, 00:00

Antton Apezetxeak Igoarekin batera irabazi du Grabni Nafarroarentzat.

Asteburuan denak ez dira garaipenak izan. Grabnin ezin izan dute txapela lortu Eñaut Lizeagak banakakoa eta Hodei Expositok binakakoan eta Mendialdeko Txapelketan ere hiru final galdu dituzte bailarako pelotariek.

Pelota partiduz jositakoa izan da pasa den asteburua eta gainera txapelketa garrantzitsuetako finalak eta partiduak jokatu dira. Mendialdeko Txapelketako finalean, Hernaniko eta Goizuetako pelotariek lau final irabazi dituzte. Iker Salaberriak Promozioko Buruz Burukoan finalerdietara sailkatzea lortu du. Grabni Txapelketa garrantzitsuan, Antton Apezetxeak finala irabazi du binakakoan eta Eñaut Lizeagak eta Hodei Expositok galdu egin dituzte finalak, buruz burukoan eta binakakoan.

Profesional mailan Iker Salaberriak 22-12 irabazi zion Zubizarretari, larunbatean Labriten. Hurrengo egunean Alberdik, Elordi garaitu zuen 20-22. Emaitza horiekin Salaberriak finalerdia Zabalaren aurka jokatuko du eta bestea Alberdi anaien artean izango da.

Gasteizen jokatu ziren finaletan, Grabni txapelketan, 22 urtez azpikoetan, Antton Apezetxea goizuetarrak txapela jantzi zuen, Igoarekin batera, Errioxako Fernández eta Petite 8-22 garaituta. Nafarroa ordezkatu zuen Apezetxeak. Senior mailan CD Hernaniko Hodei Exposito astigartarrak, Garmendiarekin batera, Gipuzkoaren izenean, 22-15 galdu zuen Nafarroako Panabal eta Alduntziren aurka. Azkenik, Eñaut Lizeagak jubeniletan 22-19 galdu zuen Arabako Escuzaren aurka. Txapela eta bi azpitxael lortu dira.

 

Oier Azpeitia-Oihan Legarreta, Txoperena-Markel Lizeaga, Axel Salaberria-Sagastibeltza eta Martínez-Adur Sagardui garaile, Mendialdekoan

Mendialdeko Txapelketan lau final irabazi dituzte pelotari hernaniarrek eta goizuetarrek eta hiru final galdu dira. Senior lehenengo mailan Txoperenak eta Markel Lizeaga hernaniarrak 22-13 irabazi zuten, Lekunberrin. Frontoi berdinean Oier Azpeitia eta Oihan Legarreta kadeteek ere txapela jantzi zuten Aurrerako bikotea 22-18 garaituta. 

Igandean, Goizuetan, Axel Salaberriak eta Sagastibeltzak Kimu 1 mailako txapela irabazi zuten Larraungo bikoteari 18-13 irabazita. Leitzan, igandean, Aurrerako Martinez eta Umore Onako Adur Sagarduik txapela irabazi zuten Haur 2 mailan, Larraungo Eizagirre eta Umore Onako Aritz Lujanbio 18-9 garaituta. Bi goizuetar zeuden final honetan. Sein mailan, Goizuetan, Mañel Seges eta Josu Larin goizuetarrek ezin izan zuten finala irabazi. Gazte mailan, Orbegozok eta Egoitz Elizegik ere galdu egin zuten finala, Lekunberrin

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!