Ganix Urdangarin, Maider Huizi eta Amaia Irazustabarrena, txapeldun

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 3a, 00:00

Maider Huizi eta Amaia Irazustabarrena.

Grabni txapelketa irabazi dute paleta goman. Neska hernaniarrek bikotea osatu dute.

Ganix Urdangarin, Amaia Irazustabarrena eta Maider Huizi Grabni txapelketako txapeldunak izan dira Gipuzkoarekin paleta goma modalitatean. Nesken nagusi mailan, Gipuzkoa ordezkatuz, Bizkaia gainditu zuten Irazustabarrenak eta Huicik. Partidu erraza izan behar zuena, gogortu egin zen. Leire Etxaniz Etxabarriko pelotariak, bere pelota motela eta astunarekin 24garren tantora arte estu hartu zituen gipuzkoarrak. Partidua alde batera eta bestera joan zen. Azkenean, hernaniarrak entrenatzailearen (Maider Mendizabal) aholkuei kasu eginez, Bizkaiko atzelaria, Leire Etxaniz, leherraraztea lortu zuten eta 24nako berdinketa eta gero 30garren tantora erreskadan joan ziren.

Bailarako hirugarren txapelduna Ganix Urdangarin astigartarra da. Etxaberekin batera Grabniko txapeldun da paleta goman 22 urtez azpikoen mailan. Finalean ongi menderatu zuten Nafarroako bikotea 25-9. Txapelketa bikaina osatu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!