Euskara normalizatzen laguntzeko urrats bat

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 30a, 00:00
Xixori belar denda Andoaingo Txitibar plaza, 4 zenbakian dago. TXINTXARRI

Buruntzaldeko udaletako Euskara zerbitzuek Ticket Bai fakturazio sistema euskaraz ezartzera animatzen dituzte merkatariak. Horretarako, dirulaguntzak prestatu dituzte edo horretan ari dira. Hainbat komertzio hasi dira honezkero haien negozioak egokitzen.

Ticket Bai egitasmoa Eusko Jaurlaritzak eta EAEko hiru foru aldundiek elkarlanean garatu dute, eta, funtsean, enpresen zein autonomoen diru sarrerak kontrolatzeko bidea izango dute lurraldean lurraldeko ogasunek. Helburu nagusiak, sustatzaileen hitzetan, hauek dira: zergapekoei laguntza ematea haien zerga betebeharrak betetzeko, eta iruzur fiskalaren aurka borrokatzea. Arabak, Bizkaiak nahiz Gipuzkoak ez dituzte epe eta erritmo berak; azken horretan, esaterako, negozioek aurten eta hurrengo urtera bitartean ezarri beharko dute sistema, eta sektore bakoitzak epe desberdina izango du. Zerga kudeaketaren profesionalek, adibidez, aurtengo uztailean hasi beharko dute; jarduera profesionalek, irailean; txikizkako merkatariek, ostalariek eta ostatu sektorekoek, azaroan; garraioa eta aisia, higiezinen sustapena, eraikuntza eta kultura eta pertsona zerbitzuak arloek, 2023ko apirilean; eta fabrikazioa, handizkako merkataritza, telekomunikazioak, finantzak, artistak eta behartuta egongo diren gainerako alorreko profesionalek, 2023ko ekainean.

 

Dirulaguntzak eskualdean

Hainbat komertzio hasi dira honezkero haien negozioak moldatzen. Buruntzaldea eskualdeko udaletako Euskara zerbitzuek iragarri dute sistema hori euskaraz jartzeagatik dirulaguntza lerroak prestatu dituztela edo horretan ari direla. Nabarmendu dute fakturak euskaraz egiteko sistema instalatzeak hizkuntza horren normalizazioan beste urrats bat egiteko aukera ematen duela, herritarren hizkuntza eskubideak betetzen ari direla bermatzen dela, eta bezeroei tratu on bat ematea ahalbidetuko duela. Halaber, zehaztu dute tiketak euskaraz inprimatuz 123/2008 dekretua beteko dutela komertzioek, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzkoa.

Lan mundua estrategikoa da euskararen normalizazioan eta Ticket Bai sistema arlo hori euskalduntzen laguntzeko baliagarria izan daiteke. Zentzu horretan, negozio bat duten dendariak beren herriko Euskara zerbitzuekin harremanetan jartzera eta dirulaguntza eskatzera animatzen dituzte eskualdeko udalek.

 

«Bezeroek aukera izan behar dute arreta eta fakturak euskaraz jasotzeko»

Aintzane Ledesma Ileatelier ile apaindegiko jabea da. Urnietan du denda (Maximo Yurramendi kalea, 30), eta herri horretako On Bizi merkatarien elkarteko lehendakaria ere bada. Beste merkatari asko eta asko bezala, Ticket Bai sistema ezarri behar du, eta hasi da lanean honezkero. Azaldu duenez, bere negozioko bezero gehienak euskaldunak dira, eta elebitan ezarriko du, euskaraz zein gaztelaniaz. «Euskaraz artatuak izan nahi duten bezeroek aukera izan behar dute fakturak ere hizkuntza horretan jasotzeko; tiketak euskaraz inprimatu ahal izatearena da Ticket Bai sistemari ikusten diodan abantaila bakarra», adierazi du. «Herritar bat euskalduna bada eta komertzio batean arreta eta fakturak euskaraz jasotzen baditu, konfiantza emango dio horrek, eta, gainera, eskubidea du horretarako».

Urnietako On Bizi merkatarien elkarteko lehendakari Aintzane Ledesma. AIURRI
 

Aurreikusten zuena baino inbertsio txikiagoa egin behar izan du Ledesmak bere ile apaindegian, eta hori «albiste ona» izan dela onartu du, merkatarientzat «zailak» izaten ari diren garai hauetan. Dendek fakturazio sistema hori euskaraz jartzera anima daitezen, uste du «funtsezkoa» dela aukera horretaz «behar bezala» informatzea, dendariek jakin dezaten badutela hau egiteko aukera: Ticket bai erabiltzeko software informatikoa euskaraz instalatu, eta tiketak hizkuntza horretan inprimatzeko.

 

«Naturalki erabaki dugu Ticket Bai sistema euskaraz jartzea»

Jone Etxeberria villabonatarrak 1993. urtean hartu zuen Andoaingo Xixori belar denda, eta ia 30 urte daramatza mota askotako produktu ekologikoak saltzen herritarrei. Aurtengo azarotik aurrera, Ticket Bai sistema erabili beharko du zergak egiteko, eta, txintxarri-ri kontatu dionez, «apurka-apurka» ari da ezartzen. Azkenaldian, esate baterako, dendan dituen produktuen BEZak sartzen ari da, banan-banan, eguerdietan, denda bezeroei itxita dagoenean. «Gehienak sartu ditugu, baina oraindik ez dugu guztia prest; hilabete hauetan gauza berri dezente ikasi beharko ditugu. Errazak dirudite, baina ahalegina eskatzen dute, den-dena zuzen egin ahal izateko».

Fakturazio sistema hori euskaraz jartzea erabaki du Etxeberriak, «naturalki». «Duela gutxi izan genuen bilera bat Andoaingo Udalarekin, eta beste merkatari batekin hizketan, esan nion euskaraz jarriko nuela Ticket Bai». Kontatu duenez, bezero gehienekin hizkuntza horretan egiten dituzte salmentak Xixorin, eta saltzen dituzten produktu gehienen errotulazioak euskaraz dituzte, esaterako, ontziratu gabe saltzen dituzten zereal eta fruitu lehorrak. «Bezero batzuek esaten didate ez dutela ulertzen zer jartzen duen, eta horrelakoetan, nik azaltzen diet». Hasiera-hasieratik ahalegindu dira elikagaien eta bestelako produktuen izenak euskaraz nola diren jakiten eta dendan jartzen: «Bezero bat etorri zen behin, eta galdetu zidan ea garagardo legamia ba ote genuen, eta ez nion ulertu, levadura de cerveza nahi zuela esan zidan arte».

 

Tiket ereduak

Ticket Bai sistemarekin lanean hasten direnerako tiket eredu batzuk prestatu ditu Etxeberriak, hamar zehazki, eta horietan irakur daitezkeen hitz ia guztiak euskaraz inprimatzen dituzte beti, jatorrizko produktuaren izena euskaraz ez dagoen kasuetan salbu. «Xixori hartu nuenetik, tratua eta salmentak euskaraz egitera ohituta nago, nahiz eta bezero guztiak ez diren euskal hiztunak, eta horrela jarraituko dut aurrerantzean ere».

Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratu duen egutegiaren arabera, txikizkako merkatariek, ostalariek eta ostatu sektoreko negozioek aurtengo azarorako izan beharko dute prest Ticket Bai sistema. Egokitze lanak egiten ari dira Xixorin, eta oraindik den-dena prest ez badute ere, urte amaierarako sistema berriarekin lan egiteko moduan izango direla esan du Etxeberriak. Egin behar izan duen inbertsioari dagokionez, beste komertzio batzuena baino txikiagoa izan da, duela lauzpabost urte berritu baitzuen tresneria: ordenagailu, irakurgailu eta baskula bana jarri zituen orduan.

Goizez zein arratsaldez irekitzen du ditu ateak Xixorik. «Ongi lan egiten ari gara: betiko bezeroez gain, jende gaztea ere etortzen da dendara». Aurrerantzean hala jarraituko dutela espero du Etxeberriak, baita Ticket Bai sistemarekin lanean hasi ondoren ere.

 

Eskualdeko laguntzak

Andoain

Laguntza: euskara hutsean, %50eko laguntza, gehienez ere 300€euroko mugapean.

Elebitan: kostuaren %30 eta 180 euro, gehienez.

Helbidea: Urigain etxea (1.solairua) La salle
etorbidea, 6

Telefonoa: 943-30 08 31

Helbide elektronikoa:
euskarazerbitzua@andoain.eus

 

Astigarraga

Laguntza: kostuaren %30 eta gehienez 250 euro.

Helbidea: Erribera kulturgunea, Kontxa Etxeberria plaza

Telefonoa: 943-33 50 64

Helbide elektronikoa:
kultura@astigarraga.eus

 

Hernani

Laguntza: 300 euro asko jota.

Helbidea: Gudarien plaza 1, 1. solairua.

Telefonoa: 943-33 70 29

Helbide elektronikoa:
euskara@hernani.eus

 

Lasarte-Oria

Laguntza: Guztizkoaren %50. Gehienez, 300 euro.

Helbidea: Kale Nagusia 33, 2. solairua

Telefonoa: 943-37 61 84

Helbide elektronikoa:
euskara@lasarte-oria.eus

 

Urnieta

Laguntza: 250 euro gehienez, guztizkoaren %30.

Helbidea: San Juan plaza, z/g

Telefonoa: 943-00 80 33

Helbide elektronikoa:
euskara@urnieta.eus

 

Usurbil

Laguntza: oraindik ez dute prestatu.

Helbidea: Irazu kalea, 4

Telefonoa: 943-37 19 99

Helbide elektronikoa:
euskara@usurbil.eus

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!