Hastear da mendi lasterketen hilabetea, Urumea bailaran

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 30a, 00:00

2019an antolatu zen azkenengo Goizutrail Lasterketa.

Ereñotzuko Mendi Lasterketa maiatzaren 15ean izango da eta Goizutrail maiatzaren 21ean.

Maiatza izango da Urumea bai­laran, aurten ere, mendi laster­keten hilabetea bi urtez bertan behera geratu eta gero, pandemiaren eraginez. 2020an eta 2021ean ez zen mendi lasterketarik izan bailaran eta aurten maiatzaren 15ean eta maiatzaren 21ean egingo dira Ereñotzuko Mendi Lasterketa eta Goizutrail, sei eguneko epean.

Pandemiaren ondorioz, bi urteko etenaldiaren ondoren, 10.edizioa ospatuko du Ereñotzuko Mendi Lasterketak. Maiatzaren 15ean izango da lasterketa eta oraindik izena emateko aukera dago rockthesport webgunean. Lasterketa, goizeko 10:00etan izango da, eta Ereñotzuko frontoitik abiatuko dira parte hartzaileak.

Urtero moduan, umeen lasterketa ere izango da. Haurren lasterketa, helduenaren aurretik ospatuko da. Etxeko txikienek Ereñotzun barrena emango dute buelta, eta helduen laguntza ere eduki ahal izango dute horietako askok. Antolatzaileek adierazi dutenez, umeen lasterketa doakoa da eta ez da izena eman beharko bertan parte hartzeko.

Aurten ere, Goizutrail lasterketa antolatu ahal izango da maiatzaren 21ean. Bi urtez, osasun egoera medio, ezinezkoa izan zen egitea. Aurten, berriz, lasterketaren zazpigarren edizioa indartsu dator. 

Goizeko 09:00etan Plazatik abiatuta, au­rreko urteetako hiru aukerak izango dituzte partehartzaileek, zazpigarren edizio honetan ere: 25 kilometrokoa, 10 kilo­me­tro­koa, edo ibilbide luzea erreleboka (batek 10 kilometro eta bes­­teak 15). Eneko Elorri aldera egin­go dute aurreneko zatia, eta Man­doegin gora bigarrena. Izenematea zabalik dago herrikrosa webgunean, maiatzaren 20ra arte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!