2023rako 100.000 errenta aitorpen euskaraz egiteko helburua jarri dute

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 30a, 00:00

Gipuzkoan 83.100 pertsona izan ziren 2021ean, 2020 ekitaldiko errenta aitorpena euskeraz egin zutenak (aurreko urtean baino 16.386 gehiago). Buruntzaldeko sei herrietan, berriz, 6.662 lagunek (aurreko urtean baino 243 gehiago); er

2021ean Gipuzkoan 83.100 herritarrek euskera aukeratu zuten errenta aitorpena egiteko.

Gipuzkoan 83.100 pertsona izan ziren 2021ean, 2020 ekitaldiko errenta aitorpena euskeraz egin zutenak (aurreko urtean baino 16.386 gehiago). Buruntzaldeko sei herrietan, berriz, 6.662 lagunek (aurreko urtean baino 243 gehiago); errenta aitorpena egin behar zutenen artean %16 inguruk egin zuten euskeraz

Pixkanaka bada ere, gero eta gehiago dira Buruntzaldean aitorpena euskeraz egiten dutenak. Eta oraindik ere tarte haundia dago hobetzeko. 2023ari begira, aldiz, Ogasunaren helburua da 100.000 pertsona fisikok aukera hori egitea. Aurreko urtean 68.700ek egin zuten aitorpena euskeraz. Diotenez, 100 milako helburu hori lortzea gizarteak hizkuntza berdintasunaren alde egindako ahaleginaren sari bat litzateke. «Euskaldun aktibo izateko beste modu bat da errenta aitorpen euskeraz egitea», aipatzen dute.

Aurtengo epeak honakoak dira: 2022ko apirilaren 4tik aurrera hasi ziren etxera ailegatutako autolikidazioak onartzen, eta epea ekainaren 30 arte luzatuko da, edozein dela ere erabiltzen den modalitatea.

Era desberdinak daude aitorpena egiteko: etxera iritsitako autolikidazioa onartuta, zerbitzu mekanizatura joanda edo internetez eginda. Hiru modalitateetan dago euskeraz egiteko aukera. Mekanizatua egin ahal izateko aurrez hitzordua hartu behar da. Hitzordua hartzeko epea: 2022ko apirilaren 19tik ekainaren 30era da. Hauxe da telefonoa: 943 11 30 00.

Autolikidazioa onartzerakoan, aski duzu euskeraz onartu nahi duzula adieraztea. Internetez egiten baduzu ere sakatu euskeraz egiteko aukera. Errenta mekanizatuko bulegoan laguntzen dizun langileari euskeraz egin nahi duzula adieraziz ere egin daiteke. Foru Ogasunaren Zergabidea plataforman, errenta aitorpena euskeraz aurkeztuz egin daiteke, aitorpena bidaltzean zure aukera adierazita. Aitorpena egiteko gestoria bat erabiltzen baduzu, errenta aitorpena euskeraz egin daiteke eta Ogasunarekin eta Aldundiarekin dituzun harremanetan euskera aukeratuz.

Bestalde, eskualdeko herrietan badira profesionalak euskeraz ere zerbitzu ona ematen dutenak. Behar dituzun azalpen guztiak emango dizkizute, euskeraz ere uler dezazun errentaren aitorpena. Behin eginez gero ez diozu berriro zailtasunik ikusiko. Hernanin ondorengo gestorietan dago aukera euskeraz egiteko aitorpena: Brintza (Urbieta 15, 943 33 12 67), GSE (Kardaberaz 40, 943 550 254), Hator S. Coop. (Kardaberaz 60, 943 55 43 12), Zarautz 9 (Elkano, 943 55 60 06) eta Zulaica (Kardaberaz 68, 943 55 14 94). Astigarragan ez dago errenta euskaraz egitea eskaintzen duen gestoriarik.

Eta, mekanizatuari heltzen badiozu, Hernaniko bulegoan dauden profesionalek gustuz egingo dizute aitorpena euskaraz. 

 

Urtetik urtera, gora

Datuei erreparatuz gero Buruntzaldean  gero eta errenta aitorpen gehiago egiten dira euskeraz. 2013tik 2021era arteko datuak argiak dira. Astigarragan 2013an 406 errenta aitorpen egin ziren euskeraz (%14,01) eta 2020an 690 egin ziren (%17,01). Hiru puntu igo da datua eta urtez urte hobetu da. Hernanin gorakada oraindik eta haundiagoa izan da. 2013an 1.725 errenta aitorpen egin ziren euskeraz (%17,22) eta 2020an 2.330 egin ziren euskeraz (%21,9). Zazpi urtetan %4,68 igo da.

 

AITORPENAK EUSKERAZ

HERNANI

2013 1.725 %17,22

2015 1.899 %19,01

2019 2.273 %21,4

2020 2.330 %21,9


ASTIGARRAGA

2013 406 %14,01

2015 490 %15,57

2019 650 %16,3

2020 690 %17,01

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!