Partidu erabakiorra, Mundarroko nagusiek eta Hernaniko jubenilek

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 30a, 00:00

Mundarrok mailari eusteko partidu erabakiorra jokatuko du.

Irabaziz gero, Beasainen eta Zubipen, maila mantenduko dute Preferentean eta Nazionalean.

Futbol denboraldia amaitzeko jardunaldi gutxi falta dira eta patidu erabakigarriak jokatuko dituzte talde batzuk hainbat mailatan. Bailarako taldeen artean, Preferente mailako Mundarrok eta Hernanik partidu garrantzitsuak jokatuko dituzte asteburu honetan, Hernaniko Jubenil Nazional taldeak bezalaxe.

Mundarrok Beasainen jokatuko du gaur, 17:30etan, Ikasberriren aurka, iraupen faseko azkenaurreko partidua. Irabaziz gero, mailari eustea lortuko du; berdinketarekin ere pauso haundia emango luke eta, porrotarekin, azken jardunaldiaren zain geratuko da. Hernanik irabazi beharra du, Urnietaren aurka, bihar 18:30etan Zubipen. Galduz gero, maila galtzea oso gertu izango du.

Jubenilek, pasa den astean, Gernikan garaipen ezin hobea lortu zuten eta, aste honetan, gaur, Arruperen aurka ariko dira Zubipen, 16:00etan hasita. Lau jardunaldi falta dira liga amaitzeko eta hernaniarrek hiru puntuak eskuratzen baldin badiztuzte mailari eutsiko diote. 

 

Derbia izango da nesken Preferente mailan

Preferente mailan, Hernani eta Mundarroren arteko derbia izango da, bihar 12:00etan, Zubipen. Mundarroko nesken talde nagusiak oraindik igotzeko aukera apurrak ditu, baina, horretarako, bihar derrigor irabazi beharra du eta aurkarien akatsak behar ditu. Hernanik, sailkapenari begira, ez du ezerrez jokoan. 

Bestalde, Hernaniko talde nagusiek, neskek eta mutilek, igotzeko helburuak ez dituzte bete, baina ongi kokatuta daude sailkapenean. Horrela, Hernaniko neskek Lasarten jokatuko dute gaur, 16:30etan, Ostadarren aurka. Mutilek, gaur 18:15etan, Zubipen, Amaikak Bat taldea izango dute aurkari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!