Errenta aitorpena egiteko epea ekainaren 24a da Nafarroan eta 30a Gipuzkoan

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 30a, 00:00
Hernaniko bulegoa Latsunbeberrin dago, 8-9 zenbakian.

Aurrez aurre, autolikidazio proposamena, internet eta telefonoz egin daiteke. Informazioa eskuragarri dago Ogasuneko webguneetan.

Errenta kanpaina hasi zenetik hiru aste dira Nafarroan eta Gipuzkoan; eta aurrez aurrekoa edo mekanizatua ere abian jarri ziren orain hamaika egun Gipuzkoako 11 bulegotan, Hernanikoa barne (Latsunbeberri auzoa 8-9). Hurrengo egunean jarri zuten martxan Nafarroan, apirilaren 20an, hain zuzen. 

Bietan, hori bai, aldez aurretik eskatu behar da hitzordua Internet bidez zein telefonoz eskatu daiteke zita: Nafarroan, renta.navarra.es webgunean edo 948 505 505 eta 948 505 506 telefonoetan; eta Gipuzkoan, gipuzkoa.eus/ogasuna/errenta webgunean edo 943 11 30 00 telefonoan.

Errenta aitorpena telefonoz egiteko aukera, Nafarroan

Aurrez aurrekoaz gain, beste modalitate berri bat ere jarri du martxan Nafarroako Foru Ogasunak, egunotan: telefono bidezkoa. Horretarako ere, hitzordua eskatu behar da aldez aurretik, renta.navarra.es webgunean; eta zehaztutako egunean eta orduan, teknikari bat jarriko da harremanetan zergadunarekin, 948 106 106 telefono zenbakitik deituta: berari datuak telefonoz eman, eta horien arabera egingo du errenta aitorpena teknikariak, momentuan. Horretarako, beharrezko dokumentazioa eskura izatea komeni da. Horri buruzko informazio guztia eskuragarri dago webgunean.

Errenta aitorpena egiteko gainerako modalitateak, kanpaina hastearekin batera jarri zituzten martxan. Batetik, autolikidazio proposamenak prestatu zizkieten herritar askori, eta horiek kontsultatu, zuzenean onartu edo aldaketaren bat egiteko aukera dago, Gipuzkoako zein Nafarroako Ogasuneko webguneetan. Eta bestetik, proposamenik jaso ez dutenentzat, edota hutsetik hasita aitorpen berria egin nahi dutenentzat, internet bidez egiteko aukera dago, aurrez aipatutako webguneetan. Eman beharreko pausoei buruzko argibideak ere, bi atarietan daude eskuragarri.

Modalitate guztietan (autolikidazioa, aurrez aurrekoa eta internet), ekainaren bukaerara arte luzatuko da aurtengo errenta kanpaina: ekainaren 24ra arte Nafarroan, eta 30era arte Gipuzkoan.

 

Gipuzkoan jaso baino 3,5 milioi gehiago itzuliko dira

Errenta kanpainari orokorrean begiratuta, Jokin Perona, Gipuzkoako Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak esan du «normaltasunez» hasi dela modalitate guztietan. «Kanpaina honetan ere, nabarmentzekoa da bide teknologikoen alde egiten dugun apustua. Eta honekin batera, aurrez aurreko arretari eusten diogu, ez dugulako nahi arrakala digitala haunditzerik, ez inor atzean uzterik», borobildu du foru diputatuak. Apirilaren 4an hasi zen Errenta kanpaina Gipuzkoan, orduan hasi baitzen proposamenak onartzeko epea, eta ekainaren 30era arte luzatuko da. Ogasunaren aurreikuspenen arabera, 387.000 aitorpen aurkeztu dira kanpainan, eta foru erakundeak 280 milioi euro itzuliko dizkie gipuzkoarrei, eta beste 276,5 milioi euro jaso.

 

Aitorpena egiteko ez dago obligaziorik urtean 14.000 euroko etekin gordinera iristen ez denean

Ez dago aitortzeko obligaziorik baldin eta: 1) urteko lan etekin gordinak 14.000 euroko kopurura iristen ez direnean; 2) Kapitalaren etekin gordinak eta ondare irabaziak, salbuetsitakoak barne bi kasuotan, batera hartuta urtean 1.600 eurotik gorakoak ez badira. 

Urtean 14.000 eta 20.000 euro bitarteko lan etekin gordinak jasotzen dituztenak ere ez daude aitortzera behartuta baldin eta: 1) lan etekinak ordaintzaile batetik baino gehiagotik jasotzen direnean, baldin eta bigarren eta gainerako ordaintzaileetatik jasotako zenbatekoen batura ez bada urtean 2.000 eurotik gorakoa; 2) Lan etekinak ordaintzaile bakarretik jaso arren, urtean lan kontratu bat baino gehiago sinatu denean edo kontratuan aurreikusitako epea behin amaiturik luzatu denean; 3) ezkontidearengandik edo bikote-lagunarengandik pentsio konpentsagarriak edo urteko mantenurako ordainketak jaso direnean; 4) erregelamenduz arautu diren beste egoera jakin batzuetan.

Ogasunaren proposamenik jaso dugun konprobatzea da aurreneko pausoa, nabarmendu dutenez. Izan ere, etxean gutunik jaso ez arren, baliteke Ogasunak proposamen bat egin izana: renta.navarra.es eta gipuzkoa.eus/ogasuna/errenta web orrietan kontsultatu daiteke hori.

 

Online egiteko zenbait pauso

Online egiteko, hainbat pauso eman beharko ditu zergadunak, baina ez da prozesu zaila. Gipuzkoarrek, Zergabidea plataformaren bitartez (zergabidea.gipuzkoa.eus) egin beharko dute. Dagoeneko 2020tik Bak kodea daukanak, zuzenean sartu ahal izango du, errenta aitorpena prestatzen hasteko. Bestela, Non eta nola eskatu Bak? atalean sartu beharko du, kodea eskatzeko. Horretarako, gure datu pertsonal batzuk eskatuko dizkigute, eta aktibazio kode bat jasoko dugu, eta behin aktibatuta, mugikorrean jasoko dugu gure pasahitza. Hori aldatu beharko dugu ondoren, guk nahi duguna jartzeko.

Behin Bak kodea lortuta, Zergabidea plataformaren hasierako orrialdera bueltatu, eta NAN zenbakia izango da gure erabiltzailea, eta guk aukeratutako pasahitza. Horiekin sartuko gara errenta aitorpena egitera. Behin barruan gaudela, Aitorpen zirriborroak atala ikusiko dugu, eta 109 ereduan egingo dugu klik. Ondoren, Aitorpen berria sakatu, 109 eredua aukeratu, eta aitortzailea nor den hautatuta eta 2020 ekitaldia dela jarrita, sortu egingo dugu, aitorpena osatzen hasteko.
Nafarren kasuan, antzekoa da prozesua. Errenta online egiteko atarian sartu beharko dugu (renta.navarra.es/errenta-online) eta markatuko dizkiguten pausoak jarraitu. Aurrenekoa izango da PINa, Cl@ve edo ziurtagiri digitala eskuratzea, eta bertan egin daiteke. Atari horretan bertan daukagu lotura, baita ere, gure datu fiskalak zein aurreko urteko aitorpena eskuratzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!