Bailarako bederatzi pelotarik jokatuko dituzte Mendialdeko Txapelketaren finalak, gaur eta etzi

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 29a, 00:00

Nagusien lehenengo mailako finala jokatuko du Markel Lizeaga hernaniarrak.

Lekunberrin ariko dira gaur Oier Azpeitia, Oihan Legarreta, Egoitz Elizegi eta Markel Lizeaga. Etzi lau final jokatuko dira Goizuetan.

Asteburu honetan jokatuko dira, gaur eta igandean, Mendialdeko Txapelketaren finalak. Horietan ariko dira Urumea bailarako bederatzi esku pelotari, eta Goizuetan izango dira finaletako lau, igandean, 11:00etan hasita.

Lekunberrin jokatuko dituzte aurreneko lau finalak, gaur arratsaldean, 18:00etan hasita. Aurreneko partiduan, kadete mailan, Oier Azpeitia hernaniarrak eta Oihan Legarreta aranoarrak jokatuko dute, Aurrerako Sagastibeltzaren eta Telletxearen kontra. Bigarrenean, Egoitz Elizegi goizuetarra ariko da jubeniletan, Bortzirietako Orbegozorekin batera, Barberitoko Camporen eta Larraungo Sotilen kontra. Eta jaialdiko laugarren finalean, nagusien lehenengo mailakoan, Markel Lizeaga hernaniarrak jokatuko du: Aurrerako Txoperenarekin ariko da, Ultzamako Astizen eta Larraungo Gurrearen kontra.

Igande goizean izango dira hurrengo lau finalak, Goizuetan; eta hiru goizuetar ariko dira horietan. Aurreneko finalean, Mañel Segesek eta Josu Larinek jokatuko dute sein mailakoa, Aurrerako Zabaletaren eta Olaizolaren kontra. Eta laugarren finalean, kimuen lehenengo mailan, Axel Salaberria ariko da, Aurrerako Sagastibeltzarekin, Larraungo Bildarrazen eta Ijurkoren kontra. Kimuen bigarren eta hirugarren mailakoak izango dira beste bi finalak.

Eta igande arratsaldean, azkenik, beste lau final izango dira Leitzan, 17:00etan. Jaialdiko hirugarren finalean ariko dira bi goizuetar, aurrez aurre: Adur Sagarduik Aurrerako Martinezekin jokatuko du, eta Aritz Lujanbiok Larraungo Eizagirrerekin.

Nafar Jokoetako finala gaur, Salaberriak eta Garmendiak

Gaur bertan, beste final bat jokatuko dute Axel Salaberria eta Mattin Garmendia goizuetarrek elkarrekin: Nafar Jokoetako kimuena, 18:00etan Labriten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!