Intza Navarro, 15garren Balmasedan

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 26a, 00:00

Aurrenekoetatik oso gertu helmugaratu zen hernaniarra, maila haundiko lasterketan.

Lau lasterketa izan dituzte bailarako txirrindulariek, asteburu honetan, maila ezberdinetan. Euskal Herriko txoko ezberdinetan aritu dira, gainera.

Intza Navarro hernaniarrak, esaterako, Balmasedako Sarian hartu zuen parte larunbatean, maila haundiko lasterketan. Kadeteen proban aritu zen Navarro, 42 kilometroko ibilbide gogorrarekin; eta 15garren iritsi zen helmugara, aurrenekoetatik oso gertu: bigarren sailkatua, Irati Aranguren taldekidea, zazpi segundu lehenago sartu zen; eta Nuria Hidalgo hirugarrena lau segundu aurretik. Paula Ostiz izan zen irabazlea.

Mutil jubenilek, berriz, zita bikoitza izan dute asteburuan, Gipuzkoa Klasikoarekin. Nazioarteko proba izan da, eta makina bat herrialdetako txirrindulariak izan dira bertan. Partehartzaileen artean izan dira bailarako hiru: Unax Urretabizkaia eta Aner Zilbeti hernaniarrak, eta Tasio Semperena astigartarra. Deban jokatu zuten aurreneko etapa larunbatean, 105 kilometrokoa; eta hiruek lortu zuten proba bukatzea: 70garren izan zen Urretabizkaia (Iruki-Donostialdea taldeko aurrenekoa helmugan), 144garren Semperena, eta 149garren Zilbeti. Igandean, berriz, 111 kilometroko etapa izan zuten Donostiako Egia auzoan, eta Urretabizkaia izan zen bailarako bakarra helmugan: 77garren bukatu zuen. Horrela, 75garren izan zen sailkapen nagusian. 174 txirrindularik hasi zuten Gipuzkoa Klasikoa, eta 124 izan ziren bi etapak bukatu zituztenak.

Eta mutil kadeteetan, azkenik, Arronizen aritu ziren Unax Otegi hernaniarra eta Aimar Capdequi astigartarra, larunbatean, Borja Osesen Oroimenezko proban (56 kilometro). Aurreneko talde nagusian helmugaratu zen Otegi, baina lau txirrindularik egin zieten ihes: 19garren sailkatu zen hernaniarra. Capdequi 44garren izan zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!