GRABNIko finalera sailkatu dira Maider Huizi eta Amaia Irazustabarrena, semifinal gogorra irabazita

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 26a, 00:00

Maider Huizi eta Amaia Irazustabarrena (ezkerrean), Nafarroaren kontrako semifinala hasi aurretik.

30-17 menderatu zituzten Murillo eta Igoa, senior mailan, markagailuak erakusten duena baina partidu lehiatuagoan. Ane Kerejetak eta Enara Maciciorrek galdu egin zuten jubenil mailakoa, Nafarroaren kontra (21-30).

GRABNI txapelketako semifinalak jokatu dituzte bi bikote hernaniarrek, asteburu honetan, biek ere Nafarroaren kontra. Eta garaipen eta porrot bana izan dute: irabazi egin zuten Amaia Irazustabarrenak eta Maider Huizik, nagusietan; baina galdu egin zuten Enara Maciciorrek eta Ane Kerejetak, jubeniletan.

30-17 nagusitu ziren Huizi eta Irazustabarrena, Murilloren eta Igoaren kontra; baina markagailuak erakusten duena baino gogorragoa eta lehiatuagoa izan zen partidua. 15garren tantora arte, oso berdinduta izan ziren markagailuan; orain bat aurretik, gero bestea. Sekulako mailan aritu ziren lau palistak, gainera.  Hortik aurrera, ordea, zenbait tanto segidan egitea lortu zuten hernaniarrek, eta 17 tantotan utzi zituzten nafarrak. Partidu haundia jokatu zuten Irazustabarrenak eta Huizik, eta asko landutako tantoak lortu zituzten.

Maciciorrek eta Kerejetak, ordea, ez zuten bere partidu onena jokatu, eta 21-30 galdu zuten Lekunberriko Larraun taldeko bikotearen kontra. Hasieratik oso indartsu aritu ziren nafarrak, eta ezin izan zieten aurre egin hernaniarrek: zortzigarren koadroaren inguruan erantzun behar izan zituen pelotakada gehienak, Kerejetak. Defentsako lanean aritu ziren hernaniarrak partidu osoan, eta ez zuten bere abilezia agerian utzi. Partiduaren erdialdera erakutsi zuten bere maila, eta 19-22 gerturatu ziren. Bazirudien buelta emango ziotela partiduari, baina ihes egin zuten nafarrek, berriro.

Datorren asteburuan jokatuko dute finala, Irazustabarrenak eta Huizik: Bizkaiaren kontra ariko dira larunbatean, arratsaldeko 16:30etan hasita, Gasteizko Mendizorrotza frontoian. Ligaxka berdinduta bukatu zuten, baina tantoen arteko aldeak eman zien lidertza eta finalera pase zuzena bizkaitarrei. Beraien arteko partiduan, ordea, hernaniarrak nagusitu ziren (30-23), eta hori errepikatzen saiatuko dira datorren asteburuan ere, GRABNI torneoko txapelak Gipuzkoari eman eta Hernanira ekartzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!