Ez da nahi bezain ona izan asteburua bailarako esku pelotarientzat, 19 semifinaletatik bederatzi irabazita

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 26a, 00:00

Josetxo Ezkurra Txapelketaren finalera sailkatu da Iñigo Labaka hernaniarra.

Asteburu potentea izan dute esku pelotariek, lau txapelketa ezberdinetan: Mendialdeko Txapelketan, GRABNI torneoan, Josetxo Ezkurra Txapelketan eta Nafar Jokoetan. Bailarako 13 pelotarik lortu dute finalen batera sailkatzea.

Lau txapelketa ezberdin, eta 19 semifinal jokoan. Horrelakoa izan da Urumea bailarako esku pelotarien asteburu potentea. Eta emaitzei dagokienez nahi bezain ona izan ez bada ere, bailarako 13 pelotarik lortu dute finalen batera sailkatzea.

Mendialdeko Txapelketan jokatu dituzte semifinal gehienak, bederatzi guztira, kategoria ezberdinetan. Nagusietan, garaipena lortu zuen Markel Lizeaga hernaniarrak, Aurrerako Txoperenarekin batera, Zabalaren eta Lazkozen kontra (22-10). Jubeniletan ere, finalera pasea lortu zuen Egoitz Elizegik, Bortzirietako Orbegozorekin, Ezkurdiaren eta Salvadorren kontra (22-9). Eta kadeteetan, bat irabazi eta bestea galdu: Oier Azpeitia hernaniarrak eta Oihan Legarreta aranoarrak 22-8 menderatu zituzten Ijurko eta Galarza, baina Xuban Iturbe eta Markel Urdangarin hernaniarrek galdu egin zuten, Sagastibeltzaren eta Telletxearen kontra (10-22). Seinetan ere, beste horrenbeste: 18-15 irabazi zuten Mañel Seges eta Josu Larin goizuetarrek, Vicenteren eta Bidarten kontra; baina porrota jaso zuten Beñat Narbarte eta Oier Zabalak (7-18), Zabaletaren eta Olaizolaren kontra. Kimuetan, azkeneko tantoan galdu zuen Alize Sagardui goizuetarrak, Larraungo Lekuonarekin, Jakaren eta Sotilen kontra (17-18). Eta haurretan, bi garaipen: Anartz Lujanbio goizuetarrak eta Larraungo Eizagirrek 18-9 menderatu zituzten Iriarte eta Ijurko; eta Adur Sagardui goizuetarrak eta Aurrerako Martinezek 18-8 irabazi zieten Sotili eta Larretari.

GRABNI torneoan ere izan zituzten semifinal ugari, Gipuzkoa ordezkatuz. Frontoian aritu ziren bi astigartar, eta garaipena lortu zuten biek: Hodei Expositok, Lapkeko Garmendiarekin, 22-14 menderatu zituen Fernandez eta Altuzarra errioxarrak, seniorretan; eta Eñaut Lizeagak, eskuz banaka, 22-4 menderatu zuen Nafarroa, jubeniletan. Trinketean, ordea, jokatutako hiru partiduak galdu zituzten hernaniarrek: Mikel Lasak eta Behar Zanako Iraolak 14-40 galdu zuten Etayo eta Prim nafarren kontra, 22 urtez azpikoetan; Unax Manterolak eta Behar Zanako Aranburuk 17-40 galdu zuten Iturregi eta Ballarena nafarren kontra, jubeniletan; eta porrota jaso zuen Jon Jara jubenilak ere, buruz buru, Illarregi nafarraren kontra (20-35).

Nafar Jokoetan izan dituzte beste hiru semifinal, asteburu honetan. Kadeteetan, 6-22 galdu zuten Oihan Legarreta aranoarrak eta Egoitz Elizegi goizuetarrak, Txaruta Sagardiaren eta Apeztegiaren kontra. Kimuetan, finalera pasea lortu zuten Mattin Garmendia eta Axel Salaberria goizuetarrek, Zugarraldeko Merino eta Iturria menderatuta (18-2). Eta galdu egin zuten Beñat Narbarte eta Josu Larin goizuetarrek, Aldabideko Loidiren eta Floresen kontra (0-4).

Eta azkeneko bi semifinalak, Josetxo Ezkurra Txapelketan jokatu dituzte bi hernaniarrek, buruz buru. Seniorretan, irabazi egin zuen Iñigo Labakak, Lapkeko Ruiz de Larramendiren kontra (18-16). Eta infantiletan, galdu egin zuen Ekhi Osesek, Ataungo Alberdiren kontra (3-18).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!