Literaturarekin lau hitzordu, Aste Santuko etenalditik bueltan

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 25a, 00:00

Ipuin kontaketa saio bikoitza eskainiko du Ixabel Agirresarobek, etzi Biterin.

Literatur solasaldiak, mintegiak eta ipuin kontaketak izango dira Erriberan eta Biterin, gaurtik asteazkenera.

Aste Santua tarteko, bi asteko etenaldia izan du literaturak, Astigarragako eta Hernaniko kultur etxeetan. Baina oporralditik bueltan, indartsu ekingo dio berriro, eta lau hitzordu jarri dituzte gaurtik asteazkenera, Erriberan eta Biterin.

Gaurkoan, literatur solasaldia izango da Erriberan, arratsaldeko 19:30etan hasita. Oscar Wilde idazlearen De Profundis epistolari buruz ariko dira, Jorge Carrerok gidatuta, gaztelaniaz.

Bihar, berriz, Irarkuketa Klubak izango du hitzordua Erriberan, 19:30etatik aurrera. Hilabete honetan, Ana Malagon idazlearen Ez dakit zertaz ari zaren ipuin-liburuari buruz ariko dira. Ohi bezala, irekia eta doakoa da partehartzea, eta Joanes Jauregik gidatuko du saioa.

Bihar bertan, baina Biterin, Emakumeen Euskal Literatura Mintegiak ere egingo du hilabete honetako saioa, Kattalin Minerrek gidatuta. Arratsalde­ko 19:00etan izango da, liburu­tegian, eta Natalia Ginzburg idazlearen Familiako lexikoa liburua izango dute aztergai, Fernando Reyk euskerara itzulitakoa. Aforoa mugatua izango da.

Eta azkenik, haurrentzako hitzordua jarri dute asteazkenerako, Biterin. Izan ere, ipuin kontaketa saio bikoitza eskainiko du Ixabel Agirresarobek, 4 eta 6 urte bitarteko haurrentzat. Arratsaldeko 17:30etan izango da aurreneko saioa, eta 18:15etan biga­rre­na. Horietarako ere, mugatua izango da aforoa, eta gonbidapenak eskuratu behar dira aldez aurretik, liburutegian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!