Bailarako lau bikotek semifinala gaur, Mendialdeko Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 24a, 00:00

Markel Urdangarinek eta Xuban Iturbek semifinala jokatuko dute Lekunberrin.

Goizuetan jokatuko dira txapelketako bost semifinal, gaur goizeko 10:00etan hasita. Hiru goizuetar ariko dira.

Asteburu potoloa ari da izaten, Urumea bailarako pelotarientzat. Txapelketa ezberdinetan, guztira 13 finalerdi jokatuko dituzte, ostiralean hasi eta gaur arte.

Horietatik lau izango dira gaur, guztiak ere Mendialdeko Txapelketakoak. Goizuetan ariko dira hiru goizuetar, gaur goizeko 10:00etan hasita. Aurrena, seinetan, Beñat Narbartek eta Oihan Zabalak jokatuko dute, Aurrerako Zabaletaren eta Olaizolaren kontra. Eta ondoren, Alize Sagarduik jokatuko du kimuetan, Larraungo Lekuonarekin, Araxeseko Sotilen eta Larraungo Jakaren kontra. Beste hiru semifinal ere jokatuko dira gaur goizean, Goizuetan bertan; baina horietan ez da izango bailarako ordezkaririk.

Lekunberrin, berriz, kadete mailako bi bikote hernaniarrek jokatuko dute Mendialdekoaren semifinala, 10:00etan hasita. Aurrena, Oihan Legarreta eta Oier Azpeitia ariko dira, Larraungo Astizen eta Galarzaren kontra. Eta ondoren, Xuban Iturbek eta Markel Urdangarinek jokatuko dute, Aurrerako Sagastibeltzaren eta Telletxearen kontra.

Mendialdeko Txapelketan bertan, atzo eta herenegun izan dute semifinala, bailarako beste hiru esku pelotarik. Ostiralean jokatu zuen Markel Lizeaga hernaniarrak, seniorretan, Txoperena nafarrarekin batera; eta atzo aritu ziren Mañel Seges eta Josu Larin, seinetan.

Nafar Jokoetan ere jokatu zituzten semifinalak, bi bikote goizuetarrek, ostiralean: Beñat Narbartek eta Josu Larinek seinetan, eta Axel Salaberriak eta Mattin Garmendiak kimuetan. Atzo, berriz, Umore Ona Pala Txapelketako semifinala izan zen Goizuetan: Iribarren eta Iturgoyen, Zugarramurdiren eta Mirandaren kontra.

Eta gainerako semifinalak, GRABNI torneoan jokatu dituzte, Gipuzkoa ordezkatuz: ezker horman aritu da Eñaut Lizeaga astigartarra; eta trinketean jokatu dute Jon Jara, Unax Manterola eta Mikel Lasa hernaniarrek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!