Presaren %88,5a, beteta

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 23a, 00:00

Añarben prezipitazio haundiak erregistratu dira. Guztira, 133,9 litro metro karratuko.

Añarbeko presa ur kantitate haundia jasotzen ari da, azken egun hauetan. Urumea bailaran euriak ez du deskantsu askorik eman aste honetan eta horrek, ondorioak ekarri ditu presarentzat. 

«Zortez» presa itxita egon da uneoro, eta ez da ireki behar izan, urtegian lekua egiteko. Azken ia 60 orduetan 2,13 milioi metro kubiko atxikitu dira, Añarbe ibaira eta ondorioz, Urumea ibaira iristea saihestu da. 

 

Ura barra-barra, egun hauetan

Euri asko egin du aste honetan, eta horren ondorioz, presak urez bete dira. Añarbeko urtegiaren edukiera gainezkabide kotaraino, 37.279.625 metro kubikokoa da, eta egin duen eguraldiagatik, 31.230.877 metro kubiko izatera iritsi da, hau da, presaren betetze portzentajea %88,5a da. 

Ostegunean bertan, jaso ziren datu altuenak. Ereñotzun jaso zen gehieneko altuera 1,52 metrokoa izan zen, goizaldeko 6:20ak aldera. Ordu horretan, urtegian etengabe sartzen ari zen emaria, segundoko 30 metro kubikokoa zen. 

Presak Urumea ibaiaren gaingoratzea ekidin zuen, 30 zentimetro inguru Ereñotzuko estazioaren parean, uraldiaren unerik «okerrenean». 

Presan guztira, 133,9 litro jaso dira metro karratuko, asteazken eta ostegunean, eta aldiz, Artikutzan 157,3 litro karratuko. 

Eguraldi hobea espero da datozen egunetan, baina hala ere, Añarbeko zerbitzu teknikoek egoeraren bilakaeran dute jarrita arreta guztia, ezer larririk pasa ez dadin. Izan ere, Añarbeko presaren betetzea «nahiko altua» baitago.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!