Zita bikoitza Urumea bailaran, Eskubaloiaren Astearen bueltan

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 23a, 00:00

Mundarroko neska kadeteak, Tolosaren aurkako partiduan.

Bihar Atsegindegin jokatzeko aukera, eta asteartean, berriz, Bera Berako jokalarien bisita, Astigarragan.

Eskubaloiaren Astea antolatu dute Gipuzkoako hainbat herritan, hain zuzen, Ordizian, Zumarragan, Lezon, Donostian, eta nola ez, Urumea bailaran ere izango du geldialdia. Saio bana egingo dute, Hernanin eta Astigarragan. Urumea bailaran egingo duten lehen geldialdia bihar izango da, Tilosetan zen egitekoa baina Atsegindegira leku-aldatu dute ekintza, euria dela eta. Kalean eskubaloian aritzeko gonbitea luzatu dute antolatzaileek, eta hortaz gain, eskubaloiko materiala eta partiduren bateko sarrerak zozketatuko dira, bertaratzen direnen artean. Goizeko 10:30etan emango zaio hasiera, neska-mutil infantil, alebin eta benjaminei zuzenduta. 

Bigarren zita, Astigarragan izango da, datorren asteartean. Astigarragako kiroldegian jarri dute hitzordua, eta Bera Bera taldeko jokalarien bisita izango dute astigartarrek. Bera Berako taldekideek bere esperientzia ezagutzera emateko aukera eskainiko dute. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da saioa, eta antolatzaileek adierazi dute bereziki emakumezkoen eskubaloiari zuzendutako saioa izango dela; benjaminetatik hasi eta jubeniletara, hain zuzen ere. 

 

Ekintza irekiak, herritarrentzat 

Biharko eta astearteko ekintzak irekiak dira. Horregatik, antolatzaileek neska-mutil hernaniarrei zein astigartarrei luzatu diete gonbitea, «bertaratu eta parte hartu!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!