Eskubaloiaren Asteak bi geldialdi egingo ditu Urumea bailaran

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 20a, 00:00

Mundarro eskubaloi taldeko jokalariak, aurtengo partidu batean.

Igandean Tilosetan jokatzeko zita jarri dute, eta asteartean Bera Berako jokalariak izango dira Astigarragan.

Oso bereziak izango dira datozen hamar egunak, Gipuzkoako eskubaloiarentzat eta emakumezkoen kirolarentzat. Donostia Arenan (Ilunbe) jokatuko da Erreginaren Kopa, apirilaren 29tik maiatzaren 1era; eta horren inguruan, egitarau potoloa prestatu dute, aurreko egunetan. Horrela, esaterako, Emakumezkoen Kirolaren Foroa egingo dute apirilaren 28an, Orona Ideoko auditorioan. 

Bertan, hitzaldiak, mahai inguruak eta eztabaida guneak izango dira, goi-mailako kiroleko protagonistekin. Aurreneko mahai inguruan, adibidez, Patricia Rodriguez, Aintzane Encinas eta Tati Garmendia izango dira solaskide, Eli Pinedo moderatzaile dutela. Foroko partehartzaileen artean izango dira, baita ere, Maialen Chourraut, Erika Dos Santos, Lucia Ybarra, Ona Carbonell eta Leire Olaberria. Fororako sarrerak salgai daude, 15 euroan, copadelareina2022.com webgunean. Prezioaren barne daude eguneko saio guztiak eta luntxa.

Baina foroaz gain, Eskubaloiaren Astea ere antolatu dute, aurreko egunetarako, Gipuzkoako zenbait herritan; eta Urumea bailaran ere egingo du geldialdia. Izan ere, saio bana egingo dute Hernanin eta Astigarragan. Aurrena, igande honetan ber­tan, kalean eskubaloiean ari­tzeko gonbitea luzatu dute: Tilosetan izango da, 10:30etatik aurrera, neska-mutil infantil, alebin eta benjaminei zuzenduta.

Eta ondoren, datorren aste­artean, Astigarragako kiroldegian jarri dute hitzordua: Bera Bera taldeko jokalariak izango dira bertan, bere esperientzia ezagutzera emateko, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Bereziki emakumezkoen eskubaloiari zu­zendutako saioa izango da, benjaminetatik hasi eta jubeniletara.

Irekiak izango dira bi ekintzak, eta neska-mutil hernaniarrei zein astigartarrei luzatu diete gonbitea, bertaratu eta parte hartzeko. Ordizian, Zumarragan, Lezon eta Donostian ere izango dira ekintzak, Eskubaloiaren Astean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!