Zabalik dago errenta aitorpena aurrez aurre egiteko aukera, eta hitzordu gehienak hartuta daude dagoeneko

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 20a, 00:00

Atzo ireki zuten errenta aitorpena aurrez aurre egiteko bulegoa, Hernanin.

Hernaniko bulegoan, maiatzaren 19ra arte ez dago datarik libre. Ekainaren bukaerara arte luzatuko da aurtengo errenta kanpaina.

Bi aste dira errenta kanpaina hasi zela, Nafarroan eta Gipuzkoan; eta aste honetan gehitu dute modalitate berri bat, horretarako: aurrez aurrekoa edo mekanizatua. Atzotik egin daiteke Gipuzkoako 11 bulegotan (tartean Hernanikoan), eta gaur jarriko dute martxan Nafarroan.

Bietan, hori bai, aldez aurretik eskatu behar da hitzordua, eta sekulakoa izan da eskaria, dagoeneko: hitzordu gehienak daude hartuta, datozen asteotarako. Hernaniko bulegoan (Latsunbeberri auzoa 8-9), adibidez, maiatzaren 19ra arte ez dago hitzordurik libre. Internet bidez zein telefonoz eskatu daiteke zita: Nafarroan, renta.navarra.es webgunean edo 948 505 505 eta 948 505 506 telefonoetan; eta Gipuzkoan, gipuzkoa.eus/ogasuna/errenta webgunean edo 943 11 30 00 telefonoan.

Errenta aitorpena telefonoz egiteko aukera, Nafarroan

Aurrez aurrekoaz gain, beste modalitate berri bat ere jarri du martxan Nafarroako Foru Ogasunak, egunotan: telefono bidezkoa. Horretarako ere, hitzordua eskatu behar da aldez aurretik, renta.navarra.es webgunean; eta zehaztutako egunean eta orduan, teknikari bat jarriko da harremanetan zergadunarekin, 948 106 106 telefono zenbakitik deituta: berari datuak telefonoz eman, eta horien arabera egingo du errenta aitorpena teknikariak, momentuan. Horretarako, beharrezko dokumentazioa eskura izatea komeni da. Horri buruzko informazio guztia eskuragarri dago webgunean.

Errenta aitorpena egiteko gainerako modalitateak, kanpaina hastearekin batera jarri zituzten martxan. Batetik, autolikidazio proposamenak prestatu zizkieten herritar askori, eta horiek kontsultatu, zuzenean onartu edo aldaketaren bat egiteko aukera dago, Gipuzkoako zein Nafarroako Ogasunen webguneetan. Eta bestetik, proposamenik jaso ez dutenentzat, edota hutsetik hasita aitorpen berria egin nahi dutenentzat, internet bidez egiteko aukera dago, aurrez aipatutako webguneetan. Eman beharreko pausoei buruzko argibideak ere, bi atarietan daude eskuragarri.

Modalitate guztietan, ekainaren bukaerara arte luzatuko da aurtengo errenta kanpaina: hilaren 24ra arte Nafarroan, eta 30era arte Gipuzkoan.

Aitorpena euskeraz egiteko deia, herritarrei

Aurreko urteotan bezala, errenta aitorpena euskeraz aurkeztera animatu ditu herritarrak, Gipuzkoako Foru Ogasunak. Azaldu duenez, joan den urtean Gipuzkoako 68.700 herritarrek egin zuten horrela, 2020an baino %5,7 gehiagok. Gainera, ia 84.000 herritarrek daukate eskatuta Ogasunarekin harremana euskeraz egitea. «Gure helburua da 2023rako 100.000 herritar izatea Ogasunarekin euskeraz egiten dutenak; eta horretarako, errenta kanpaina baliatu nahi dugu. Zerga administrazioa prest dago, internet zein telefono bidezko arreta zerbitzua euskeraz emateko», azaldu du Jokin Perona foru diputatuak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!