Tailer eta irteerak, etxeko gazteenentzat

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 19a, 00:00

Gaurtik ostiralera izango da aukera Astigarragan, eta ekintza bereziak Hernaniko Gaztelekuan, bihartik igandera. 

Gaztetxoek Aste Santuko oporrak ahalik eta ondoen probestu ditzaten, zenbait tailer eta ekintza berezi antolatu dituzte Hernanin eta Astigarragan. Aurreko astean egin zituzten batzuk, bi herrietan: poltsa tailerra, Costa Jumpera irteera, sukaldaritza saioak, he­nna tatuajeak, free dance... Eta orain, oporren bigarren asteari emango diote hasiera.
 

Tailer eta irteera ugari aukeran, aste honetan ere

Gaur bertan hasiko dute bigarren asteko egitaraua, Astigarragan, Udalak antolatuta. Street dance eta pizzak egiteko tailerrak izango dituzte, gaurtik ostiralera bitartean, egunero. Tailer hauek, 6-12 eta 13-15 urte bitartekoentzat antolatu dituzte, eta bi ordutegi ezberdinetan izango dira: goize­ko 10:15etatik 11:45etara, eta eguerdiko 12:00etatik 13:30etara. Aldez aurretik eman behar zen izena, Erribera kulturgunean: 23 euro dira ikastaro bakoitza.

Hernanin, berriz, bihartik aurrera egingo ditu hainbat tailer eta irteera Gaztelekuak, igandera arte: Tie-dye tailerra bihar, lokalean; Bubble Ballsera irteera etzi; badminton musikatua ostiralean, Ave Marian; hondartzara irteera larunbatean; eta Txuri Urdin izotz jauregira igandean. Tailer hauek guztiak, 12-17 urte bitarteko gazteentzat zuzenduta daude. Horietarako ere, aldez aurretik eman behar zen izena, Gaztelekuan.

Eta Hernanin bertan, beste tailer bat ere izango da egun hauetan, 12-17 urteko nerabeentzat, Udaleko Gazteria Sailak antolatuta: Gorputzarekin sortutako irudiak izeneko muralgintza tailerra eskainiko du Uxue Bereziartuak (Berexi.art), bi egunez, gaur 11:00etatik 13:00etara eta ostegunean 10:00etatik 14:00etara. Aristizabal kaleko 7garren atarian egingo dute, eta bi zati izango ditu: gaur diseinua landuko dute, eta etzi murala marraztu. «Gure gorputza baino haundiagoa den lienzo bat marrazteko, gorputza erabili behar dela ezin uka daiteke. Taldean sortutako diseinu batetik abiatuta, mural bat egitea proposatu dugu, pareta batean», aurreratu du Uxue Bereziartuak berak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!