Gipuzkoako Koparen azkeneko tiraldira begira, bailarako bolariak

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 19a, 00:00

Laugarren dago Ibon Miner ereñotzuarra, aurreneko hiru tiraldiak jokatuta. Maiatzaren 8an jokatuko da azkenekoa, Altzako bolatokian.

Lau asteko etenaldian murgilduta daude Gipuzkoako bola eta toka, eta dagoeneko, hurrengo tiraldira begira daude Urumea bailarako bolariak: maiatzaren 8an, Altzako bolatokian. Izan ere, Gipuzkoako Kopako azkeneko tiraldia izango da hori.

Aurreneko postuetan dago Ibon Miner ereñotzuarra, gizonezkoetan. Hiru tiraldi jokatuta, laugarrena da sailkapenean, 131 brilarekin. Aiako tiraldian 44 brila lortu zituen berak. Bertan, Jokin Izagirre izan zen onena, 48 brilarekin, eta Kopako lider dago orain, 134 brilarekin. Iosu Lazkanok 40 brila bota zituen, eta bigarren postura jaitsi da (133); eta Ramon Iglesias dago hirugarren (132), Aian Minerrek adina brila bota ondoren. Hortaz, hiru brilako aldearekin daude aurreneko lauak. Aian egin zion ihes Kopa irabazteko aukerak, Joxe Mari Etxebeste astigartarrari: 37 brila bota zituen, eta 124 brilarekin dago orain, 11garren. Aldiz, ederki aritu ziren Aner Miner ereñotzuarra (42), Miel Arrozpide hernaniarra (42) eta Fermin Zuloaga hernaniarra (41), hirugarren tiraldi horretan.

Emakumezkoen artean, berriz, zazpigarren izan zen Martxeli Kanflanka ereñotzuarra, 22 brilarekin; eta postu bat egin du gora sailkapenean: seigarren dago, 72 brilarekin.

Toka tiraldia ere izan zuten Aian, eta Kanflanka bera eta Leandro Miner aritu ziren, partehartzaileen artean. Zortzi jota, 10garren izan zen Miner, eta bostekin 13garren Kanflanka. Horrela, toka txapelketaren sailkapenean zortzigarren dago Leandro Miner, 50ekin; eta 26garren Martxeli Kanflanka, 22rekin. Gainera, sailkapeneko aurreneko emakumearekin berdindu du ereñotzuarrak, Naiara Peñagarikano. Altzan izango da toka txapelketako azkeneko tiraldia ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!