Zangozako lasterketan hirugarren, Aimar Capdequi astigartarra

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 19a, 00:00

Aimar Capdequi, Zangozan, jasotako sariekin. Argazkia: M. Capdequi

Lehenengo urteko kadeteen artean, podiumera igo zen Capdequi, Gaztetxoak Torneoko proban.

Akaso erritmoa pixka bat lasaitu bai, baina atsedenik ez du hartu txirrindularitzak, Aste Santuko oporraldian ere. Hiru lasterketa izan dituzte aurreko egunetan, kategoria bakoitzeko bana: kadeteek Zangozan, jubenilek Durangon, eta afizionatu mailakoek Duranan.

Eta horietan, protagonista izan dira bailarako txirrindulariak, Zangozan bereziki, larunbatean: hirugarren sailkatu zen Aimar Capdequi astigartarra, lehenengo urteko kadeteen lasterketan. Ihes eginda iritsi zen Ferran Marce irabazlea, baina haren atzetik, 30 laguneko tropelean iritsi zen Capdequi, eta bigarren izan zen taldeko sprintean. Horrela, denboraldian aurrenekoz igo zen podiumera. Gainera, Gaztetxoak Torneorako puntuagarria zen proba, eta makina bat puntu pilatu ditu astigartarrak, sailkapen horretarako.

Jubenilek, berriz, ostegunean izan zuten lasterketa, Durangon, Aitor Bugalloren Oroimenezkoan. Partehartze haundia izan zuen probak, eta tartean ziren bailarako hiru txirrindulari. Hiruek bukatu zuten lasterketa: 56garren sailkatu zen Unax Urretabizkaia hernaniarra, 102garren Aner Zilbeti hernaniarra, eta 110garren Tasio Semperena astigartarra. Semperenak, gainera, puntuak pilatu zituen tarteko bi helmugatan, eta seigarren izan zen sailkapen horretan.


Telmo Semperena eta Ander Amonarriz, aurreneko postuetan Duranan

Igandean izan zuten lasterketa, afizionatu mailakoek: Eusebio Velez Saria, Duranan, Euskaldun Torneorako puntuagarria. Eta bertan ere, maila ederrean aritu ziren Urumeako txirrindulariak. 142 laguneko tropelak jokatu zuen garaipena sprintean, eta azkarrenen artean izan ziren bailarako bi: Telmo Semperena astigartarra seigarren, eta Ander Amonarriz hernaniarra 11garren. Ez zen sprintaren lehian sartu Enekoitz Azparren astigartarra, eta 51garren sailkatu zen; baina lider jarraitzen du Euskaldun Torneoan. Tarte txikiagoa dauka, hori bai: lau puntura gerturatu zaio Xabier Berasategi taldekidea, Duranan hirugarren sailkatu ondoren.

Datorren asteburuan, lau hitzordu izango dituzte bailarako txirrindulariek. Batetik, larunbatean, Balmasedako Emakumeen Saria jokatuko da, elite, junior eta kadete mailetan; eta bertan izango dira Intza Navarro eta Naya Mangas hernaniarrak. Bestetik, junior mailako Gipuzkoako Klasikoa jokatuko da, bi probatan: larunbatean Deban, eta igandean Donostiako Egia auzoan. Eta azkenik, kadeteak Arronizen ariko dira larunbatean, Borja Osesen Oroimenezkoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!