Aberri Eguna ospatuko da gaurkoan, eta aldarrikapenez beteko da Euskal Herria

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 17a, 00:00

Hernaniko EH Bildu Iruñean izango da gaurkoan.

EAk eta LABek EH Bilduk antolatutako ekitaldietan, Iruñean, parte hartzeko deia egin dute. EAJk Bilbon elkartzeko mezua zabaldu du. 

Aberri Eguna ospatuko da gaur, Euskal Herrian. Jaia eta aldarrikapena izango dira nagusi gaurkoan, eta eragileek antolatutako ekitaldietara bertaratzeko deial luzatu dute. Alde batetik, EAk eta LABek EH Bilduk antolatutako ekitaldietan parte hartzeko deia egin dute, Iruñean, «burujabetzaren» aldeko aldarria defendatzeko. EAJk, berriz, atzorako, Bizkargi mendira igotzeko ekintza prestatu zuen eta gaurko, berriz, beste hainbat ekitaldi prestatu ditu, Bilbon. 

Alde batetik, LABek adierazi duenez, «aldarrikapen unea» da. Gainera, egungo «eredu ekonomiko kapitalista eta heteropatriarkala» aldatu beharra nabarmendu du sindikatuak, eta «burujabetza, bakea eta eraldaketa» defendatu ditu: burujabetza, «autodeterminazio eskubidearen bidez gure etorkizuna erabakitzeko»; bakea, «indarkeria eta zapalkuntza oro ezabatzeko»; eta eraldaketa, «sistemaren esplotazio eta krisi iraunkorra gainditzeko». Horregatik, LABek bat egin du EH Bilduk eta EH Baik egindako deialdiekin.

Beste alde batetik, Eusko Alkartasunak ere bat egin du Aberri Eguna Iruñean ospatzeko EH Bilduren deialdiarekin. Azaldu duenez, gaurko egunak, topaketarako ez ezik,  balio izango du «etorkizuna erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko». Izan ere, diote, «erronka berriak ditugu aurrean, eta horiei aurre egiteko ezinbestekoa da gure erabakiak hartu ahal izatea».

Azkenik, EAJk jakitera eman du aurtengo ekitaldia Bilbon egingo duela, goizeko 11:30etan hasita. Iñigo Urkulluk eta Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek hartuko dute hitza, eta gero, jarraipena emango diote egitarauko ekintzei. 

Hernaniko EH Bildu, Iruñera

EH Bilduk Aberri Eguna ospatuko du «herri aske eta berdinen batasunerantz» aurrera egiteko Batasunaren eguna gisa, Iruñean. Koalizioaren ekitaldi nagusia 12:00etan abiatuko da Golem zinemetatik, eta Sarasate pasealekuan egingo den ekitaldi politikoarekin amaituko da. Bertan, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak, Joseba Asiron Iruñeko Udaleko koalizioko bozeramaileak eta Izar Hernando EH Bilduko gazteen idazkariak parte hartuko dute.

Bere aldetik, Hernaniko EH Bilduko kideek jakitera eman dute Iruñera bertaratuko direla gaurkoan, «#Hernani-arrok Iruñeko kaleak betetzen lagunduko dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!