Enaitz Goñik eta Maialen Rohrbachek helburu nagusiak bete dituzte Openean

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 14a, 00:00

Maialen Rohrbach dominetik gertu geratu da.

Rohrbachek bosgarren eta seigarren amaitu du bi probatan, eta bere markarik onenak egin ditu Goñik hiru probatan.

Astigarragan bizi diren Enaitz Goñi eta Maialen Rohrbach igerilariek atzo amaitu zuten beraien parte-hartzea Espainiako Open Txapelketan, eta biek pozik egoteko emaitzak lortu dituzte. Bost egunetan jokatu da txapelketa, Malagako Torremolinos herrian, eta ia egunero aritu dira probaren batean. Txapelketak bost egunez luzatu dira eta bi igerilariak astebete egon dira bertan, Espainian jokatzen den txapelketa garrantzitsuenean.

Maialen Rohrbach alemaniarrak proba motzetan hartu zuen parte; 50 metro bizkarrean, 50 metro libreetan eta 50 metro tximeletan. Posturik onena 50 bizkarreko proban eskuratu zuen. Hain zuzen, finalera sailkatu zen eta bertan bosgarren amaitu zuen, 29.92ko denborarekin, brontzezko dominatik gertu. 50 metro libreetan ere finalera sartu zen eta seigarren amaitu zuen 26.53ko denborarekin. Atzo, azken egunean, 50 metro tximeletan egin zuen igeri. Ezin izan zen A finalera sailkatu eta B finalera sartu zen 28.29ko denbora eginez. Finalera zortzi igerilari sailkatzen dira.

 

Erreleboetan bosgarren, seigarren eta zazpigarren

Enaitz Goñik proba luzeagotan hartu zuen parte, eta emaitza nabarmenenak erreleboetan iritsi ziren. Tolosaldeako taldearekin, junior mailan, 4x100 estiloetan seigarren, 4x200 metroetan seigarren eta 4x100 libreetan zazpigarren amaitu zuen. Gainera, bere denborarik onena egin zuen igerilari hernaniarrak 100 eta 200 libreetan, erreleboan aurrena irtenda. 54.09 eta 1:56.27ko denbora egin zuen.

Bakarkako probetan, 1.500 metro juniorretan, 20garren amaitu zuen 16:30.75eko denborarekin, bere markatik bi segundora. 200 metro bizkarrean, 15garren amaitu zuen 2:10.77ko denborarekin, bere denbora onena eginez. 200 metro libreetan, 1:56.78ko denborarekin 20garren amaitu zuen. Bere marka onena egin zuen, gero erreleboan hobetu zuen arte. Amaitzeko, «oso nekatuta», azken egunean, 400 metro libreetan 4:13.20ko denborarekin 26garren sailkatu zen. Hemen ere bere denbora onena ezin izan zuen hobetu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!