Txingudiren aurka porrota, mutil seniorrek

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 12a, 00:00

Mutilen senior taldea larunbatean, Txingudiren aurkako partiduan.

29-34 galdu zuten hernaniarrek, larunbat arratsaldean. Hilabete bukaeran, eskubaloi astea izango da.

Partidu gutxi izan zituzten asteburuan, bailarako eskubaloi taldeek. Izan ere, Aste Santuko oporrak direla eta, atsedena izan zuten askok. Hernaniarrek soilik hiru partidu jokatu zituzten, eta, horietatik, kadete neskek eta mutilek lortu zuten garaipena. 

Mutil seniorrek Txingudi izan zuten aurrez aurre, larunbat arratsaldean. Harmailetan giro bikaina izan bazen ere, zorteak ez zuen etxekoen alde egin, eta 29-34ko emaitzarekin itxi zen partidua. 

Kadete mailan, mutilek 17-23 irabazi zuten etxetik kanpo, Leizaranen aurka. Neskek, aldiz, garaipen borobila lortu zuten Munttarperen aurka, etxetik kanpo, 24-28 irabazita. 

 

Eskubaloi astea 

«Eskubaloia Gipuzkoan barrena zabaltzeko eta ezagutarazteko asmotan», hainbat ekintza antolatu dituzte Hernanin, Ordizian, Lezon eta Donostian, apirilaren 29rako, 30erako eta maiatzaren 1erako. Hernanin, hilaren 24an izango dute hitzordua, goizeko 10:30etan, Tilosetan. Benjaminei, alebinei eta infantilei zuzendutako deialdia da. Hilaren 26an, aldiz, Astigarragan izango dute topaketa, arratsaldeko 18:00etan hasita. Azken saio hori benjaminentzat, alebinentzat, infantilentzat, kadeteentzat zein jubenilentzat izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!