Garaipena Hernaniko talde nagusiek eta Mundarroko nesken taldeak

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 12a, 00:00

Cesia larunbatean, Zubipen, Urnietaren aurkako norgehiagokan.

Ohorezko Erregional mailan, neskek 5-0 garaitu zuten Urnieta eta mutilek 1-0 Añorga. Mundarrok 1-0 irabazi zuen Elgoibarren aurka.

Aste Santuko oporren aurretiko partiduak jokatu zituzten asteburuan, Urumea bailarako futbol taldeek. Etxean izan zituzten norgehiagoka gehienak, Zubipen zein Zarkumendegin eta, oro har, emaitza onak izan zituzten talde guztiek. 

Ohorezko Erregional mailan, bikain aritu ziren hernaniarrak. Aritz Lujanbioren taldeak Urnieta izan zuen aurkari, eta erraz nagusitu ziren etxekoak. 5-0 amaitu zen norgehiagoka, Sararen bi golekin, eta Maddiren, Cesiaren eta Lorearen beste banarekin. Joan den asteko porrotaren ostean, aurreneko postuetan mantentzeko erronkari tinko heltzeko balio izan die garaipenak. Izan ere, duela bi jardunaldi Eibarren aurka neurtu zituzten indarrak, eta partidu zail baten ostean, 1-0 galdu zuten berdeek 90. minutuan. 

Mutilen taldeak, berriz, Añorga jaso zuen etxean, larunbat arratsaldean. Geldiezin dabiltza hernaniarrak, eta oraingo honetan ere, hiru puntuak etxean gelditzea lortu zuten hernaniarrek. Hain zuzen, 1-0 garaitu zuten aurkaria, Oyarbideren golarekin. 

 

Mundarrok berdinketa eta garaipena, Preferentean

Ia plenoa egin zuten asteburuan, bailarako talde guztiek. Izan ere, guztiek, Mundarroko mutilen taldeak izan ezik, garaipena lortu zuten joan den jardunaldian. Preferente mailan, mutilek Idiazabal izan zuten aurrez aurre, eta astigartarrak 1-1eko emaitzarekin itzuli ziren etxera. Emaitza honekin taldea bigarren postuan kokatu da bi partiduren faltan. Partidua nahiko berdindua hasi zen, baina 11. minutuan etxekoak markagailuan aurreratu ziren. Bigarren erdia ere nahiko korapilatsua izan zen moreentzat, baina, azken minutuan, Koldok 1-1eko egitea lortu zuen, eta berdinketarekin amaitu zen norgehiagoka. 

Nesken taldeak, berriz, 1-0 garaitu zuen Elgoibar, etxean. Moreak bikain aritu ziren eta emaitzak ere etxekoen alde egin zuen oraingo honetan. 

Asteburu honetan, Aste Santua dela eta, atseden hartuko dute talde nagusi guztiek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!