Akarregi-Ergobia tartea uholdeetatik babesteko obren lehen fasea lizitatu da

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 12a, 00:00

Akarregi eta Ergobia artean egingo dira lanak.

Uraren oinarrizko aurrekontua 3,2 milioi eurokoa da, eta kontratua esleitzen denetik 9 hilabeteko egikaritze epea aurreikusi da.

Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoak, Urumea ibaiaren uholdeetatik babesteko obren lehen fasea lizitatu du, Akarregi-Ergobia tartean. Astigarragan eta Hernanin, uholde natural eta errepikakorren aurrean segurtasuna nabarmen areagotzea da helburua.

URAk Urumea ibaian planifikatutako jarduera berria da. Duela gutxi Martuteneko zubiaren eta 27 Poligonoaren zubiaren artean (Martutene auzoan) egindako ubidea haunditzeko lanak amaitu ziren. Azken obra hori amaituta, Urumea ibaiaren ur goraldien aurkako defentsarako egindako inbertsio osoa 35 milioi eurokoa da dagoeneko.

Orain, ebakidura lehor bat egingo da Akarregi-Ergobia meandroan. Hau da, kanal berri bat eraikiko da, ur goraldi eta emari haundiko momentuetan ulekutik joango da, eta parke flubial gisa erabili ahal izango da.

Akarregiko meandroan egiten den ebakidura lehor horrek, halaber, ibilgua zabaltzea eta plataformak egokitzea beharrezko egiten du; ibaiaren ezkerreko eta eskuineko ertzetako hainbat zatitan; alegia, ur-askoko emarien hustubidea errazteko, sekzio erabilgarria haundituko da.

 

Ezkerraldea egokituko da lehenengo fasean

Lehenengo fase honetan, halaber, meandroaren ezkerraldea egokituko da. Euskal Yaren obrak amaitu ondoren (Hernani-Astigarraga tartea), behin lur horiek eskuratuta, eskuinaldea egokitzeari ekingo zaio, baita Ergobiako zubia birgaitzeari ere (2. Fasea).

Jarduera horien guztien helburua da Astigarragan eta Hernanin ibaian gorako laminaren altuera murrizteko diseinatutako portaera hidraulikoa lortzea. Aldi berean, inguruko erriberako espezie autoktonoak landareztatzen dira, eta ibilguan atzemandako espezie aloktonoen aurka egiten da.

Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 3,2 milioi eurokoa da, eta gauzatzeko epea 9 hilabetekoa, obra esleitzen denetik kontatzen hasita. Proiektuaren arabera, jarduera globala 8 milioi eurokoa izango da, orain lizitatzen den 1. fasea eta 2023. urtearen amaierarako egutegiratu den 2. fasea batuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!