«Sinistu dezagun euskera ez dela daukagun zerbait, garen zerbait baizik»

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 12a, 00:00
Irudi ederra utzi zuten Sortuko ordezkariek, ehunka herritar atzetik zituztela.

Karmele Jaiok irakurri zuen, igandean, Donostian, lekukoaren barruko mezua. Aurretik, Urumea bailaratik pasa zen Korrika, eta une hunkigarriak izoztu zituen AEK-k zein Kronikak.

Hamarrekoa izan zen igandeko eguna Urumea bailarako herritarrentzat. Izan ere, 22. Korrikak esnatu zituen Astigarraga eta Hernani, Donostian aurtengo ibilbidea amaitu aurretik. Haurrak, gazteak zein helduak atera ziren kalera, eta argi utzi zuten Urumea bailaran ere euskeraz bizi direla eta euskeraren aldeko apustu argia egiten dutela. 

Goizean goiz heldu zen Korrika Astigarragara, hogei minutuko atzerapenarekin, hori bai, 06:40 aldera. Perurenan hartu zuten lekukoa, eta hortik hasi zuten ibilbidea herritik barrena. 07:00etan heldu zen Kaxkora eta Urumea berriko kilometroa osatuta, Ergobi zeharkatu eta astigartarrek Iretzan egin zuten azken lekuko aldaketa, hernaniarrekin. 

Bikaina izan zen hernaniarren ibilbidea, Astigarragan bezalaxe, jendetza batu zelako herrian. Korrikak zeharkatu zituen Karabel, Zinkoenea, Sagastialde, Marieluts, kaxkoa, Lizeaga auzoa, Txantxilla, Galarreta eta beste hainbeste eremu. Hernaniko EH Bilduk lekukoa hartu zuen Karabelgo zubian, herritar guztiak atzetik zituela, eta orduantxe atera zen eguzkia. Irudi ederra izan zen hura, zubitik zetozenek Zinkoenean baitzituzten zain ehunka hernaniar, irribarretsu, Korrikaren olatura batzeko prest. 

Ezbairik gabe, euskaltzaleek ahaztuko ez duten eguna izango da igandekoa. Hain zuzen, Urumea bailarako ibilbidea osatuta, Donostian amaitu zen aurtengo edizioa, eta bailarako herritar mordoa bertaratu zen azken festaz gozatzera. Orduantxe irakurri zuen lekuko barruko mezua Karmele Jaiok. Berak idatzi du 22. Korrikako mezua, eta milaka herritarren aurrean irakurri zuen Bulebarrean. Isiltasun osoa lortu zuen Jaiok, guztien arreta bereganatu baitzuen eskuz esku hamaika egunez Euskal Herria zeharkatu duen mezu hunkigarriarekin. Idazleak horrelaxe definitu zuen ekimena: «herri honen eztarritik ateratako irrintzi bat. Hori da Korrika». Horrelaxe hasi zuen irakurketa, eta berehala piztu zuen bertaratutako guztien arreta. Emozioz beteta eta ahotsa tinko helduta, jendetzaren txalo zaparrada jaso aurretik, hauxe adierazi zuen Jaiok mezu amaieran: «sinistu dezagun euskera ez dela daukagun zerbait, garen zerbait baizik».

Erlazionatuak

22. Korrika Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2022 api 10 Hernani

22. KORRIKA!

Kronika - Erredakzioa 2022 api 10 Astigarraga   Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!