Urumea bailaran egunak daramatzate 22. Korrikarako prestatzen. Hain zuzen, ekimenerako motorrak berotzen hasteko asmotan, Astigarragako eta Hernaniko AEK euskaltegiek zenbait ibilbide antolatu zituzten joan den egunetarako. Besteak beste, egin zuten Dino Korrika adinekoekin, Korrika Txikia herriko txikienekin eta Gazte Korrika nerabeekin. Giro ezin hobea izan zen guztietan.
Joan den urtean, gainera, osasun egoera medio, ezinezkoa izan zen Korrika ospatzea. Horregatik, aurtengoan, ilusio bereziarekin eta emozioz beterik ekin zioten erronkari. Korrikak martxoaren 31ean hasi zuen ibilbidea Amurriotik. Gaur, 11 egunen ondoren, lekukoak Donostian amaituko du edizioa.
Hitzekin eta ekinarekin bat
Donostiara heldu aurretik, hori bai, Korrika pasako da Astigarragatik eta Hernanitik. Edizio honetan, goizaldean zeharkatuko ditu bi herriak. Irunetik, Hondarribiatik, Oiartzunetik, Errenteriatik, Lezotik eta Pasaiatik igaro ostean, Urumea bailarako herrien txanda iritsiko da. Lehenengo, astigartarren txanda izan da, goizeko 6:19etan, 2487. kilometroan. Gero, hernaniarrek lekukoa jasoko dute Iretzan, 2498. kilometroan, 06:49ak aldera.
Korrikak Astigarraga eta Hernani zeharkatu beharko ditu azken helmugara iritsi baino lehen, eta hantxe izango ditu zain, lekukoa jasotzeko prest eta euskeraren aldeko aldarria egiteko prest, norbanakoak, taldeak, elkarteak zein eragileak.
Astigartarrek ekitaldiak antolatu dituzte Korrikari ongi etorria emateko. Zehazki, goizeko 05:30etan, txistularien diana izango da. Hori ez ezik, Korrika agurtu ostean, goizeko 07:00ak aldera, gosari herrikoia izango da Emakumeon plazan.
Aurrekoarekin batera, gogoratu Kronikak Korrikaren bueltako argazki lehiaketa antolatu duela. Parte hartu duten kronikalarien artean hiru sari banatuko dira aurtengo Korrikako produktuekin eta Doberako bestelako loteekin. Argazkiak hilaren 14a baino lehen bidali behar dira kronika@kronika.eus helbide elektronikora.