Ihesaldian sartzeko azkeneko aukera Xabier Mikel Azparrenek, Itzulian

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 9a, 00:00
Xabier Mikel Azparren, Itzulian, zaleen animoak jasotzen. Argazkia: Iraia Calvo

Astigartarrak ez du ihesaldirik harrapatzea lortu orain arte, eta nahi baino erlojupeko kaxkarragoa egin zuen.

Ez du nahi bezalako protagonismorik izan Xabier Mikel Azparrenek, orain arte, Euskal Herriko Itzulian. Astigartarrak ez zuen bere erlojupeko saiorik onena egin, Itzuliaren estreinako etapan, eta 47garren bukatu zuen: «banekien ez zela niretzako erlojupeko egokiena, motzegia zen, baina aurrerago ibiltzea espero nuen. Ez dut nire erritmoa aurkitu aurreneko zatian, eta gusturago sentitzen hasi naizenerako, ia bukatuta neukan erlojupekoa». Hurrengo etapetan, berriz, ihesaldian sartzea zuen helburu Azparrenek, etaparen baten lehian aritzeko; baina orain arte, ez du ihesaldirik harrapatzea lortu.

Gaur izango du azkeneko aukera, Eibarren hasi eta Arrateko santutegian bukatuko den etapan. 135 kilometroko ibilbide gogorra dute, zazpi mendaterekin: Elkorrieta, Endoia, Azurki, Gorla, Krabelin, Urkaregi eta Usartza.

 

Valenciaga Memoriala bihar Eibarren, afizionatuetan

Maila afizionatuan ere, zita garrantzitsua izango da asteburu honetan, Eibarren bertan: Valenciaga Memoriala jokatuko dute bihar, goizeko 09:30etan hasita, 153 kilometroko ibilbide gogorrarekin. Itzuliko azkeneko etapa bezalaxe, Arrateko santutegian bukatuko da, Usartza igo ondoren. Aurretik, beste lau mendate izango dituzte: Itziar, Aia, Ixua eta San Miguel. Partehartzaileen artean egongo dira bailarako bi txirrindulari: Ander Amonarriz hernaniarra, eta Enekoitz Azparren astigartarra.

Jubenilek, berriz, Elgoibarko Saria izango dute bihar, arratsaldeko 16:15etan hasita, 92 kilometroko ibilbidearekin. Kalbario eta Azkarate mendateak igo beharko dituzte, azkeneko 30 kilometroetan.

Eta kadeteek, azkenik, Altsasun daukate hitzordua gaur, 16:00etan, Burunda Saria lehiatzeko (51 kilometro).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!