Bi emanaldi gaurkoan: eguerdiko 12:00etan 'Tempus' Biterin, eta arratsaldeko 20:00etan 'Erre' Erriberan

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 9a, 00:00

Eguerdiko 12:00etan hasiko da 'Tempus' emanaldia, Biterin.

'Tempus' antzezlaneko sarrerak 3,5 euro balio du, eta 'Erre, aldarri bat bertsoz' emanaldikoak, berriz, 8 euro helduentzat, eta 4 euro adin txikikoentzat. 

Gaur eguerdiko 12:00etan, El que ma queda de teatreren eskutik Tempus antzezlana izango da Biteriko protagonista. Euskeraz izango da, eta 5 urtetik gorako haurrei zuzendutako antzezlan honek, Klaus erlojugilearen tailerra ezagutzeko aukera emango du: «erlojuz betetako txokoa da, baina bitxia bada ere, bertan denbora geratu egin dela dirudi. Klausek ez du hitzik egiten, tira, tempus besterik ez du esaten, baina erlojuen istorioa kontatzeko gai da. Esaterako, hormako erloju bat eszena dibertigarria izan daitekeela edo kukuen orkestra zuzendaria bihur daitekeela erakusten digu. Klaus dibertigarria da, eta aldi berean, baita samurra ere, poesia hutsa, eta erlojuen tik-tak-aren erritmoan zein zuzeneko pianoarenean mugitzen da».

Emanaldirako sarrerak 3,5 euro balio du, eta Biteriko sarrerako leihatilan erosgai egongo dira, egunean bertan. 

 

Astigarragan ere, emanaldia 

Astigartarrek ere izango dute kulturaz gozatzeko aukera gaurkoan. Izan ere, Korrikako egunarekin lotuta hainbat jarduera antolatu dituzte, eta haietako bat gaur eskainiko da. Arratsaldeko 20:00etan, Erre aldarri bat bertsoz ikuskizunak hartuko du Erriberako oholtza. Dramatizatutako bertso-paperekin osatutako emanaldi hau, Haizea Aranak, Leire Vargasek, Aner Euskitzek eta Oihana Aranak eskainiko dute. Antzerkiaz gain, helduentzako ipuin-kontaketak eta poesiak ere badute bere lekua. Sarrerak 8 euro balio du helduentzat, eta 4 euro adin txikikoentzat.

Norbere gorputza eta bertsolaritza zeharkatzen dituzten 10 eszena lantzen dituzte lan honetan, hainbat dualismo hartuz hizpide: «Mundua bereizteko eta jendea sailkatzeko baliatzen diren etiketok eskaintzen duten markoa egokia izan daiteke norbere gorputza, eta baita bertsolaritza ere, zeharkatzen dituzten hainbat fenomenori buruz hausnartu eta sortzeko. Hortik abiatuta, aipatu dualismoetan hausturak proposatzen ditu Errek, bertsolaritzaren, antzerkiaren, musikaren eta poesiaren arteko mugak lausotuz».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!