Ramadan garaia iritsi da Urumea bailarara ere, eta maiatzaren 1ean amaituko da ospakizuna

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 9a, 00:00

Egunean bost aldiz egin behar izaten dute otoi, beti Mekara begira.

Euskal Herrian 50.000 pertsona baino gehiago dira musulmanak. Horientzat guztientzat, Ramadan garaia, otoitzean, bakean, elkartasunean eta baraualdian murgildutako hilabetea da. Aurten, apirilaren 1ean eman zitzaion hasiera.

Urtero bezala, iritsi da musulmanentzat hain garrantzitsua den hilabetea: islamdar egutegiaren bederatzigarrena. Ramadana ezaguna da munduan, musulmanek egun horietan, eguzkia ateratzen denetik sartzen den arte egiten duten baraualdiagatik. Baraualdia egiteaz gain, ezin dute edan, erre eta besteekiko erlaziorik izan. Musulmanen erlijioan, garrantzia haundia du ospakizunak. Urtero Ramadan hilabetea data desberdinetan ematen da, ilargi egutegiaren arabera. Oraingo honetan, apirilaren lehen egunean hasi eta hurrengo hilabetearen lehen egunean amaituko da. Aldiz, joan den urtean, apirilaren 12tik maiatzaren 12ra ospatu zen.

Baraualdia egiteko, Islamaren aginduen arabera, pertsona helduak izan behar dira, buruko osasun ona izan behar dute, eta bidaiatzen ezin dira egon. Emakumeak, bestetik, hilekotik kanpo egon behar du, eta baita puerperiotik kanpo ere. Horren arabera, hauek dira salbuetsita dauden taldeak: haurrak, buruko gaixotasunen bat dutenak, haurdun dauden emakumeak, hilekoarekin dauden emakumeak, eta ahul dauden pertsonak, bereziki agureak. 

Musulmanentzat sakratua den hilabete honek, funtzio erlijiosoa izateaz gain, funtzio sanitario ere badu. Hau da, gorputza garbitu, eta morala (elikagairik ez duten pertsonek jasaten dutena ulertarazi) eta borondatea indartzen laguntzen du. Bestela ere, komunitatea elkartzen laguntzen du. Bederatzigarren hilabete hau, komunitatearen hilabetetzat hartzen dute, eta musulmanei bizilagunei laguntzeko eskatzen zaie. Bereziki, behartsuenei, eta familian denbora gehiago igarotzeko behar-beharrezkoa ez den guztia atzeratzeko. Ramadanean, jendeak besteekiko eskuzabalagoa, lagunkoiagoa eta adeitsuagoa izan behar du.

Ospakizuna, bakoitzak bere etxean egiten du. Aldiz, amaitzean edo amaitzear dagoenean, musulmanen komunitatea batu eta festa bat antolatzen dute; Urumea bailarako komunitatea ere elkartzen da horretarako. Joan den urtean, pandemiaren eraginez jarritako neurriengatik, ezin izan zuten azken festa hori beti bezala ospatu.
 

Hilabete erlijiosoa, oraingoa

Apirilaren hasieratik maiatzera, musulman komunitateak baraualdia egiteaz gain, egunero Alari, haien jainkoari errezatu behar izaten diote. Korana egunean bost aldiz errezatzen dute, modu eskuzabal batean, txutxu-mutxuak, gezurrak eta borrokak albo batera utziz. Ospakizun honetan, pazientzia eta apaltasuna garatzea da helburu nagusia. Horrela, egunean behin baino gehiagotan jan ahal izateko luxurik ez duten gainerako pertsonekiko enpatia lantzen dute. 

Hori dela eta, errezatzea ospakizunaren alderdi garrantzitsuenetakoa da. Egunean bost otoi mota desberdin egiten dituzte, eguneko zein momentutan dauden arabera: Fajr, egunsentiaren otoitza bezala ere ezaguna; Dhuh, eguerdian egiten dutena; Asr, arratsaldeko otoia; Maghrib, eguzkia sartzen ari deneko otoitza; eta Isha, gaueko otoitza edo egunaren bukaerakoa. Egunean zehar egin behar izaten dituzten otoitzak, Mekara begira egiten dituzte; hau da, dauden lekuan daudela, noranzko horretara begira errezatu behar izaten dute. 

Egunsentiaren aurretik eta ilunabarraren ostean soilik hausten da baraualdia, eta orduan bakarrik jan eta edan dezakete. Edariei dagokienez, edari alkoholdunak eta jokabide desegokiak ez dituzte inola ere onartzen. Indarrak berritzeko orduak dira, ez egunean zehar irentsi ez dutena gehiegikeriaz konpentsatzeko. Egunsentia baino lehen fruta, jogurta edo plater arinak jaten dituzte, egunari aurre egiteko energia ematen dietenak. Gauez, berriz, indarrak berreskuratu, sozializatu eta familia eta lagunen konpainiaz gozatzeko unea izaten dute.

Une horretan, energia ere ematen duten jakiak bilatzen dituzte, baina ez oso astunak direnak; izan ere, atsedenaldian trabarik ez izatea da helburua. Horrela, haragia eta barazkiak dituzten platerak, gisatuak, zopak, eztia, fruitu lehorrak edota postreak izaten dira bereziki.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!